Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

«Zalantzazenoa! Mendekozenoa!»

Burua nahasian daukat, hari gehiago matazak baino. Atera kontuak! Egunerokoan saiatzen naiz albisteen egunean egoten, propagandak argibidea dena ezkutatzen ez uzten… baina, aitor dut, zaila egiten zait, are gehiago notizia Jaurlaritzako sailetatik datorrenean, zaila benetan!

Eusko Jaurlaritzatik dator notizia, frontoietan da orain lehengo farmazia, PCR asko baina bada eskasia, birusak gainditu du gabeko hesia… lalalala… Santiago eguna birusa seinale, bart non egon nintzen ni buruari galde, dudan egonez gero zuzen testen alde, badaezpada hobeto ez izan jai zale… Ama, ama! Nahasian bai! Ez nuen ba orain arte pentsatu ditxosozko PCR hori Errioxako alderdi komunista zela!

Total, osasun arloan Pandemiozenoan sartuak bagara ere (Koronazenoa esatea ere ez legoke txarto), politika ofizialarenean Abstentziozenoan gara (Koronazenoa hemen ere mantenduta). Harira demontre, Murgoitio, ha-ri-ra, eta utzi mataza! Itxura batean, jardunean, edo, den Lakuako gobernuaren azken erabakia amerindiar kuadrilla bat azpikontratatzea izan daiteke, kontrata baten bidez, jakina! Ustez gobernukide direnen arteko tirabira hauxe: batzuek arapahoeak nahi, besteek siuxak nahiago. Helburuan bat datoz, ostera, kutsatuen kontaktuak jarraitzea… lorratzak jarraitzen onak ei direnez… A! Helbidean ere: Madrili baimena eskatzea!

Eta bitartean, futbola joanda ere, zenbakiek eta positiboek hor diraute, hasierako orrietan nagusi. Birsorkuntza tasa (R0 edo) igo (Sorkuntza bera behera), barne produktu gordina uzkurtu, langabezia tasa handitu… «Sekula bizi izan gabekoa bizi gaur» dio sailburuak. Bestera esanda, Zalantzazenoan garela! Defizita handitzea eskatu dute… Madrilen eskatu ere.

Ene, ene! Ez gara Mendekozenotik ateratzen… eta laster San EzNazio ospatuko! Zenbakiek mugatzen gaituzte: Euskal EUSTATua!