«Oso eskertuta gaude bezero txikien babesarekin»
Etxarri Aranazko etxe azpian gurasoek zituzten behiekin hasi zen Aberri Barandalla eta egun 150 buru baino gehiago ditu Urbasa bideko instalazio handi eta modernoetan. Hori bai, etxe azpiko lokala ez dute utzi eta bertan gaztak eta jogurtak egin eta saltzen dituzte, salmenta zuzenean sinesten baitute.

Lehenik eta behin, nondik dator Jeingenekoa izena?
Gure aitaren jaiotetxearen izena da Jeinge, eta gure familiako kide batzuk izen horrekin ezagutzen zituzten. Esaten dutenez, gure birraitona bat «jentilak baino handiagoa» zen eta hortik omen dator izena. Badakigu oso «komertziala» ez dela, baina ez gaitu gehiegi arduratzen.
Eta abeltzain ofizioa etxetik datorkizu?
Bai, jaio nintzenetik ezagutu ditut behiak etxean. Hemezortzi urterekin Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen, behi tartean jarraitu nuen, eta 2005ean herritik bi kilometrora dagoen ustiategia jartzea erabaki genuen anaiak eta biok, lehengo lanak utzita.
Beraz, ekoizpen prozesu osoa zuek egiten duzue.
Prozesu guztia erabat. Guretzat oso inportantea da behien elikadura, eragin zuzena duelako esnearen kalitatean, eta horregatik guk geuk produzitu eta prestatzen dugu behiek jango dutena, ahalik eta pentsu gutxiena erosiz. Beste toki batzuetan kantitatea bilatzen duten bitartean, guk kalitateari ematen diogu garrantzia, gure esnekiak egiteko behar ditugun parametroak lortzeko.
Zein produktu prestatzen dituzue gaztandegian?
Guk ekoizten dugun esne guztia ez dugu transformatzen. Zati bat esne-kooperatibara bidaltzen dugu, bazkideak garelako, eta gainontzekoarekin hainbat produktu egiten ditugu: esne pasteurizatua formatu desberdinetan, gazta freskoa, behi-gazta samurra eta ondua, eta jogurtak ere formatu desberdinetan. Eta guztia egunean bertan jetzitako esnearekin.
Gaztandegian bertan saltzen dituzue esnekiak?
Bai, guk betidanik ezagutu izan dugu jendea gure etxera etortzen esne bila, eta salmenta zuzenaren apustu hori mantendu nahi izan dugu. Familia guztia inguruan bizi gara eta jendeak txirrina jo besterik ez du, baita igandeetan ere. Konfinamendu garaian ere izugarri saldu genuen; hor ikusi da gertuko ekoizleen garrantzia.
Hala eta guztiz ere, hainbat herritan banaketa egiten duzue, ezta?
Bai, banatzailerik ez dugu eta hainbat herritako denda eta harategi txikitan saltzen dugu, baita ostalaritza sektorean ere: Sakanan, Gasteiz aldean, Leitza eta Lekunberri inguruan, Gipuzkoako Urnieta eta Usurbil aldean… Horretaz gain, Altsasun esne-makina bat daukagu.
Ostalaritzaren beherakada nabarituko zenuten, ezta?
Dudarik gabe, baina baita azokena eta herrietako jaiena ere. Hala ere, alde horretatik galdu duguna bezero partikularrekin irabazi dugu. Nafarroako hainbat herri txikitan, adibidez, jendea elkartu da guri eskaerak egiteko, kontsumo-taldeetan bezala baina modu informalagoan. Zenbait tokitan okina bezala joaten gara, bozina joz.
Beraz, salmenta zuzena oso lagungarri izan da zuentzat.
Eta ez ekonomikoki bakarrik, guretzat oso aberasgarria da harreman zuzen hori mantentzea bezeroarekin. Jende askok galdetzen digu ea egoera normaltzen denean jadanik ez garen beren herrira joango, eta guk esaten diegu nahi duten bitartean, behintzat, joaten jarraituko dugula. Oso eskertuta gaude bezero txikiek eman diguten babesarekin.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
