Idoia ERASO
KORONABIRUSAREN KRISIA

BISITARIAK BAI, BAINA LAPURDIN EZ DUTE COVID-19A ERAKARRI NAHI

Ipar Euskal Herria toki turistikoa izanik, jendearen mugimenduak dakarren arriskuari aurre egiteko neurriak hartzen ari dira azken egunotan. Maskararen erabilera beharrezkoa da dagoeneko kostaldeko zenbait leku turistikotan.

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak, eta bereziki Lapurdiko kostaldea, toki turistikoak dira, eta orain goi-denboraldi betean egonik, milaka pertsona dabiltza karriketan, hondartzetan eta terrazetan. Turismoa bi ahoko arma izan daiteke, ekonomiari bultzada ematen dion aldi berean, covid-19 gaitzaren kontagio arriskua hedatzeko bidea ere baita. Beste toki askotan bezala, egoera berezi horrekin ari dira lehiatzen, eta azken egunotan neurriak indartu dituzte, bereziki maskararen erabilera zenbait toki irekitan derrigortuz eta gune turistikoetan doako probak eginez.

Beste herrialde batzuetatik heldutako turisten eskasia, Estatu frantseseko bisitariekin ari da betetzen aurten, eta toki askotan joan den urteko datuekin parekatu daitezke aurtengoak. Hego Euskal Herriko bisitariak ere ez dira gutxi, bereziki Lapurdi hegoaldean. Zonalde “gorrietatik” heldutako lagunek, egungo testuinguru “berdean” izan dezaketen eragina gelditzen saiatzen ari dira herriko etxeak, Prefektura eta Eskualdeko Osasun Agentzia. Gobernu frantsesak uztailaren 20tik goiti gune publiko itxi guztietan maskara beharrezkoa bilakatzea lagungarria izan zen, covid-19ak gutxi kaltetutako zonaldean musukoaren beharra ikusi gabe ere, haren erabilera ugaritzeko. Baina ordutik neurri gehiago eta zorrotzagoak hartzen ari dira.

Horrela, Hego Euskal Herrian musukoa kalean eramatea beharrezkoa bada, Bidasoaren iparraldean, toki itxietan soilik zen beharrezkoa orain artean. Baina segurtasun neurriak betetzen ez zirela ikusirik, Lapurdiko kostaldeko herriko etxeak Prefekturarekin negoziazioak abiatu zituen joan den astean, erabilera arautzeko. Bitartean, udalek herrietako gune batzuetan maskara beharrezkoa izateko erabakiak hartzen joan dira. Angeluk, merkatuetan derrigortzat jo zuen uztailaren 31n; Biarritzek, hondartza inguruan, abuztuaren 3an; eta Baiona ere atzetik joan zaie.

Abuztuaren 4an, prefetak kostaldeko bost herritako erdiguneetan musukoa derrigortzen zuen ordenantza ezagutzera eman zuen. Horrela, ordutik, Biarritz, Donibane Lohizune, Ziburu, Angelu eta Baionako gune batzuetan, maskararik gabe ibiltzeak 38 eta 135 euro arteko isuna jasotzea ekar dezake. Arrisku zonaldeetan bestelako neurriak ere hartu dituzte herriko etxeek, adibidez, Biarritzeko eta Angeluko hondartzak 22.00etatik 06.00etara bitartean itxita dira. Chronoplus autobus sareak, hondartzetara joateko eskaintzen zuen gaueko zerbitzua ere, bertan behera utzi du abuztuaren 30era arte.

Probak, kalean dohainik

Duela aste eta erdi hasi ziren covid-19a detektatzeko doako probak egiten Lapurdi kostaldean. Lehenak Biarritzeko aireportuan egin ziren uztailaren 24an, baina, kokagunearen ondorioz, hedapena mugatua izan zen. Geroztik, kalean eta toki turistikoen ondoan ezartzen diren karpa batzuetan hasi dira testak egiten, eta ekimenak «arrakasta» izan du.

Donibane Lohizunen, uztailaren 27an Hondartza Handiaren ondoan 250 azterketa egin zituzten. Probak egiteko ilara luzeak sortu zituzten herritarrek. Ziburun, Biarritzen eta Angelun ere egin izan dira azken egunotan probak, eta, ostegun honetan, abuztuaren 6an, Hendaian, Biarritzen eta Bidarten egingo dira. Azken herri horretan, ostegunero egingo dira probak abuztu guztian zehar, eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak hitzordu gehiago izango direla jakinarazi du dagoeneko.

Akitania Eskualdeko Osasun Agentziak kudeatutako azterketa guneak dira, herriko etxeekin eta laborategiekin elkarlanean, eta jende anitz pilatzen den tokietan egiten dira probak. Aldiro, nortasun agiria eta maskara eramatea eskatzen da, eta toki batzuetan osasun txartela eramatea gomendatzen bada ere, besteetan derrigorrezkoa da testa egin ahal izateko.

Gune jakinotatik kanpo proba egin nahi bada, sintomak agertu ondoren medikuak egindako errezeta bat edo arrisku pertsona batekin harremanetan egon izana beharrezkoa da. Hori jakinik, horrelako aukerak proba dohainik egiteko baliatzen duten pertsonen kopurua handia da.