Maitane ALDANONDO
DONOSTIA
Elkarrizketa
OIHANE ORONOZ
ENBATA DENDA (DONOSTIA)

«Erostea sustatu beharrean, beldurra sartu dute»

Oihane Oronoz altzatarrak bi hamarkada baino gehiago daramatza itsas ukituko jantziak eta apaingarriak saltzen dituen Enbata dendan lanean, azken zortziak ardura bere gain hartuta. Urteotan ez du egungoa bezalako garai latzik bizi izan; eta aurre egiteko gai izatea espero badu ere, kezkatuta dago.

Nola bizi izan duzue pandemiak ekarritakoa?

Itxi aurretik ikaragarri jaisten ari ziren salmentak eta kalean tentsioa nabari zen, ez zen normala. Ixteko esan zigutenean, noraezean ginen: ekonomikoki ez dakizu zer egin, dena kolokan geratzen da... Horri gehitu Aste Santua nahiko potentea izaten dela. Dena enkargatuta genuen, ordaintzeke, horrek suposatzen duen buruhausteekin. Gainerakoan, erabaki genuen ez zegoela gure esku, beraz, gehiegi ez pentsatzea eta osasuna zaintzea erabaki genuen.

Zein neurri hartu zenituzten?

Autonomo gisa jarduna eten nuen, eta, beste hiru lankideak, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean sartu. Konplikatu egin zaigu kobrantza eta oraindik auzia desataskatzen gabiltza. Oraintxe denak ari gara lanean, baina ez ordu guztiak, eta, hala ere, gaudenak ere soberan. Alokairua erdira jaistea negoziatu genuen eta Batela markak lagundu egin digu tartea emanez ordainketetan. Mailegua eskatu dugu, behin ere egin ez duguna, eta dirulaguntzak ere bai: Udalak segituan eman zigun, baina Jaurlaritzarenak erantzunik gabe jarraitzen du.

Maiatzean zabaldu zenituzten ateak. Nolakoa izan da itzulera?

Oso momentu txarra izan zen, jakinda zer izango zen, ez nukeen orduan irekiko. Tentsioa, jendea nahiko beldurtuta sumatzen zen. Erostea sustatu beharrean, beldurra sartzen saiatu dira eta horrek ondorioak ditu. Beste auzoetan bizitza zegoela ikusi dugu, ahal zen orduetan jendea bazebilela; hemen ez zebilen inor, eta, horrez gain, polizia asko une oro.

Bezero gutxi, beraz.

Uste dut jendea ez dabilela lasai kalean. Uztailean gehiago mugitzen ari zen, baina musukoa derrigorrezkoa denetik, jaitsi egin da. Azaroko kutxak egiten ari gara, pentsa. Egia da hemengo jendea, konfiantza erakusteko edo, etortzen dela. Donostiako Sustapenak bonuak atera zituen eta denak saldu ditugu; ikusten da babestu nahi gaituztela.

Eta turistak?

Turistekin lan egiten dugu, baina beste mota batekoak, errepikatzen dutenak: Nafarroakoak, Lapurdikoak, probintziakoak... Lan asko egiten dugu horiekin eta asko orain ez datoz. Uste dut Parte Zaharrean denok ordaintzen ari garela batzuen apustua. Denda askok zerbitzua ematen diogu hemengo jendeari, nahiz eta kanpotik datorrena ere ase. Gure apustua beti izan da kanpotik datorrenak ezagutu dezala hemen zer erabiltzen dugun, baina beste askorena ez, eta horrek kalte izugarria dakar.

Uda honetarako zer aurreikuspen egiten duzu?

Uda oso lasai doa. Espero genuen uztailerako hobe egotea, baina berriro jaitsi egin da. Ea abuztuak zer dakarren. Sentsazioa bada hemengo jendea joaten ari dela, baina ez dakit kanpokoa etorriko den. Auzoan, herrian, inguruan gelditzen da edo hondartzara, jatetxera... doa libre sentsazioa izateko, musukorik gabe. Gero eta kutsatu gehiago egoteak kaltetzen gaitu eta, erregulazio espedienteak ez badira luzatzen, langabezia tasa ikaragarria egongo da. Panorama desastre bat da.

Urtea galdutzat ematen duzu?

Hori, itxialdian. Burua jarri genuen ahal den eran abendura arte irauten; ordura iristen zena aurrera aterako zen sentsazioarekin. Orain ekaina arte heldu behar dela ikusten dugu. Ez dakit beste itxialdi batekin aurrera ateratzeko gai izango garen... Gauden bezala, batere saldu gabe, osorik heltzen zaigu hurrengo alokairua eta hemendik aurrerakoa horrela izango bada, ez dakigu neguan zer erabaki hartu beharko ditugun. Pentsa nola egon behar duzun datorren ekainean maileguak ordaintzeko; lehenagokoa saltzen, gutxienez. Ez dakit hori iritsiko den, ez dago gure esku. Nahiko latza egiten ari zaigu. Gure helburua denak aurrera ateratzea da, edozer egiteko prest gaude.