2020/08/14

XANTI USSIA
ESKA AUTOAK (LAUDIO)

Eska Ocasion ibilgailuen konponketa eta salmenta enpresak bi hamarkada pasatxoko ibilbide oparoa egina du sortuz geroztik gaurdaino. Bertako arduradun Xanti Ussiarekin mintzatu gara; besteak beste, ibilgailuen sektoreak dituen gaur egungo eta etorkizuneko aukera eta erronken inguruan. Garai zailak izanik ere, aurrera egingo dutelakoan daude.

«Automobilaren sektorean, etorkizuna erronka eta aukera da aldi berean»
Mikel AGINAGALDE|LAUDIO
0814_hurrengo_p08_f01

Ibilgailuen sektorea da aurten pandemiak gogorren jo duen sektoreetako bat, konfinamenduak iraun zuen hilabeteetan salmentak ia %100 erori baitziren. Baina pandemia iritsi baino lehen, sektorea eraldaketa sakon batean murgilduta zegoen.

Automobil industria eta merkatua garapen azkarra eta sakona bizitzen ari da azken urteetan, eta etorkizun hurbilean ere eraldaketa handiak biziko ditu. Zein aurreikuspen dituzue agertoki aldabera horren aurrean?

Egia da bizi-bizi eraldatzen den sektorea dela gurea. Autoak urtetik urtera garatzen eta sofistikatzen ari dira, eta, hortaz, berritasunetara egokitzea ezinbestekoa da. Energia iturriak ere aldatuz doaz eta kotxe zaharrak zirkulaziotik kendu behar izaten ditu bezeroak halabeharrez, eta berriak eskuratu. Zentzu horretan, tarteka erakunde publiko ezberdinek martxan jarri ohi duten Renove Plana aprobetxatu du jende askok aurten. Horrek positiboki eragin digu gure jardunean; izan ere, bezero askok auto zaharra baztertu eta berri bat eskuratzeko aukera izan dute.

Arestian aipatutako koiuntura berri horretara egokitzeko baliabideak edukiko dituzuela uste duzue?

Nahiko agerikoa da automobilaren sektorean moldaketa bizkor eta ugariak gertatuko direla epe ertainera, batez ere, deskarbonizazio prozesuak orain arteko erritmoan jarraitzen badu. Esan bezala, errekuntza darabilten autoak erretiratzen hasiko dira eta guk hori guztia nozitu egingo dugu, noski, gure lantokian. Dena dela, eta gazte-gazteak izan ez arren, berrikuntza horietara moldatzeko gauza izango garela pentsatzen dugu; betidanik izan dugu harremana elektrifikazioarekin eta badaukagu alor horretan eskarmentua. Beraz, etorkizuna erronka eta aukera da aldi berean.

Gaur egun zeintzuk dira oraindik ere gehien saltzen dituzuen ibilgailuak?

Duela zenbait urte, batik bat, gasoliodun autoak saltzen ziren gasolinazkoen gainetik, baina azken boladan bi erregai desberdin horien artean eskaria parekatu egin dela esan dezakegu. Antzeman dugu, gainera, auto hibridoak ere gero eta gehiago saltzen ditugula eta gasolina eta gasolioarekin lehia bizian daudela. Elektrikoak, aldiz, etorkizuneko autoak badira ere, ez dira oraindik gehiegi saltzen, garestiegiak direlako oraindik.

Pandemiari aurre egiteko konfinamendua oso garai zaila izan zen sektore ekonomiko gehienentzat. Nola eragin zuen egoera horrek zuen negozioan?

Denbora tarte horretan zerbitzu minimoak mantendu genituen eta funtsezko beharrak zituzten langile eta pertsonei laguntzen jardun genuen gehienbat; bateria aldaketak, zulaketak, eta abar izan ziren bezeroek izandako arazo ohikoenak. Esaterako, alaba edo amona ospitalera kotxez eraman behar zuen jendeari autoko matxurak konpondu genizkien. Baina, oro har, lan karga normalean baino askoz txikiagoa izan genuen itxialdi garaian. Etorkizun hurbilera begira gauza bera errepikatzen ez bada, maila normal batean saldu ahal izango dugula uste dugu.

Auto saltzaile eta mekanikari izango ez bazina, zer izatea gustatuko litzaizuke?

Irakaskuntza maite dut. Iraganean AEKn irakasle aritu nintzen denbora batez eta oso esperientzia polita izan zela onartu behar dut. Ikasle eta talde ugari nituen eta guztiei euskara irakastea ardura handia bazen ere, oso gogoko nuen.

KONFINAMENDUA


«Etorkizun hurbilera begira, konfinamendu egoera errepikatzen ez bada, maila normal batean saldu ahal izango dugula uste dugu».