Inazio Murua
ZORROZTARRIA

Bibote zapuztua

Bibotea daukat. Gazte samar nintzela sudurpeko itzala borratzeari utzi nionetik. Egia esateko, ez naiz akordatzen elementu apaingarria edo konplexuren bat disimulatzeko asmoa den. Dena dela, sudurpekorik gabe ez nintzateke ni izango... baten batek esana parafraseatuta: «hi bibote barik ez hintzateke heu izango». Baten bat hori medikua da; beraz, esan nezake sendagilearen aginduz daramadala bibotea.

Apaingarri, akats disimulagarri... berdintsu dio. Azken batean aukera biak nolabaiteko babes baliabidea dira. Berezko baliabidea, azala bezala, baina bizarra egiteko labana asmatu zutenetik ez da gauza bera, maskararen parekoa baizik, eta ingurumari honen ostean iritsi naiz, halako batean, zorroztarriaren gaira.

Mozalarekin bizi gara, medikuaren aginduz... Hala balitz, sikiera! Baina aginduak ez ditu medikuak ematen, eta ez mesedez nahastu, ez bainaiz maskararen aurkako gurutzadarik defendatzen ari, aginduak betearazteko eskumena dutenek medikuaren aholkuak tarteko interesik gabe agindu bihurtzearen aldekoa baizik.

Baina molestagarria da maskara arraioa. Eta, bestela ere, molestagarria, ez dakit bibotedun guztiontzat baina bai niretzat. Lau hamarkada mustatxa itxuroso bat atontzen eman eta gero, mozala. Aukera bi bururatu zaizkit: paparrean «bibotea daukat» dioen karteltxo bat eramatea edo, beharbada txukunago, maskaran bibotea marraztea, nire bibotea, eta bide batez, sudurra. Edo ez, denok gutxienez sudur bat daukagunez, errazagoa da imajinatzea ikusten dugun edonork maskara azpian sudurren bat daramala.

Babes gisa sortu omen zen maskara antzinatean, eta helburu berarekin, ikaratzeko ere erabiltzen omen zen. Babes barik, eraso tresna iruditzen zait niri maskara aspalditik, aho-sudurretan ipini beharrik ez dagoen maskara, alegia, atzean betiko larderia gordetzen duena.