Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Maite ditut maite jende-sudurrak…

Hor da euskal oasiko kutsatzeen kurba gorabeheratsua, kolorez ikusgarri, egunez eguneko bilakaeraren seinale. Gorabeheratsua, bai, azken boladan goranzkoak nagusitu badira ere. Birusarekin bizitzen ikasi behar dugula esan du Osasun sailburuak. Horretan sikiera bat nator, arriskuarekin ere bizitzen ikasi behar dugun moduan; jakina, horretarako arriskuak zein/non diren jakin egin behar da! Beste kontu bat da pandemia monarkikoarena; hots, ia Espainiarekin bizitzen ikasi behar dugun ala aldameneko errepublika izanda ondo konpontzen saiatu…

Total, kutsatzeetan ez ezik, aurre egiteko neurrietan ere aurrera-atzerak. Uztaileko kanpainan jeltzaleek «Euskadi Zutik» aldarrikatu; orain, hilabetea pasatxo, ordea, «Euskadi Jesarririk»... tabernetan behintzat. Gaur indarrean diren neurriekin ezinezkoa izango litzaioke Jaungoikoari bere agur-afarian 12 lagun haiek biltzea. Harrapa ezan/k «jaungoikoa eta lege zaharrak» lelo hori! Dena dela, ondo pentsatuta, afari hura gabe gauzak askoz hobeto joango ziratekeen planetako mundu askoan… bestelako pandemiak izanda ere.

Ama, ama! Kosta egiten zait maskarara moldatzea. Zelan moldatuko belarri bakarrekoak? Paseo-bidetik noala, jendea hurbildu eta maskara gora! Pasatutakoan maskara behera! Gauez autoko argiekin bezala. Eta zelan aldatzen diren gauzak! Lehengoan hondartza nudista batean nintzela jendearen maskarara baino ez nuen begiratzen, sudurra gune erotiko nagusia hartuta… eta kanta entzun nuen barrutik: «Maite ditut maite jende-sudurrak maskarak ezkutatzen dizkidanean».

Tira, Emirerrien harira! Azkenean kendu dute Tiranako aireportuan desagertu emeritu zer horren erretratu txikia. Agertua da! Emeritu horren merituak ere… Oasierriko Donostiara etorri izan bazen sikiera! Hondartzan marrazoak ageri direnez…