GARA
IRUÑEA

AHT Gelditu! plataformak azaldu duenez Nafarroako bi tartetan lanak gelditu egin dituzte

AHT Gelditu! plataforma abiadura handiko trenaren Nafarroako korridoreko lanak bisitatzen izan da azken egunetan. Bada, bertatik bertara egiaztatu ahal izan dutenez, «egiten ari ziren lau tarteetatik bitan lanak gelditu egin dituzte». Plataformako kideen esanetan, tarte horiek Erriberri-Tafalla eta Tafalla-Tafalla dira, non ez duten ez makinarik, ezta lanean ari ziren langilerik ere aurkitu.

Beste bi tarteak Alesbes-Azkoien eta Azkoien-Erriberri dira, eta, bertan, lanek normaltasunez jarraitzen dute aurrera. «Bi tartetan lanak geldiaraztea albiste ona bada ere, ez dakigu zergatik ez dituzten berehala geldiarazten obretan jarraitzen duten beste bi tarteak ere», nabarmendu du plataformak.

Helburua, lanak guztiz etetea

Era berean, gobernuen jarrera kritikatu nahi izan du AHT Gelditu! plataformak. «Noiz arte jarraituko dute diru publikoa xahutzen etorkizunik ez duten obra suntsitzaile eta alferrikakoetan, are gehiago bizi dugun krisi sistemiko globalaren testuinguruan ?», salatu du.

“El Economista” egunkariaren arabera, Madrileko Gobernuak «gustura» hartu du Espainiako Airef Ardura Fiskaleko Agintaritza Independentea erakundeak egindako ikerketa. Bertan, Estatuan AHT-lineen garapenari «kritika latza» egin ondoren, «amaitu gabeko proiektuak geldiaraztea» gomendatzen zaio Gobernu zentralari. Horiek horrela, plataformak nabarmendu du ez dela konformatzen Nafarroako AHTren tarteen erdiak gelditzearekin, eta Euskal Herriko obra guztiak «behin betiko bertan behera uzteko» eskatu die gobernuei. Izan ere, Airefen ikerlana kontuan hartuta, Nafarroako lanen %96,4 finantzatzea falta da oraindik; EAEko “Euskal Y” delakoa eraikitzeko, berriz, finantziazioaren %58,2 falta da, «hori guztia horrelako obretan oso ohikoak diren gainkostuak kontuan hartu gabe».

Egiteko dagoen gastua «orain arte xahututakoa baino handiagoa» denez, batez ere Nafarroan, zentzuzkoena lanak bertan behera uztea dela uste du plataformak. Lanekin jarraitzea «gobernuen burugogorkeria» izango litzatekeela gaineratu du.