2020/09/04

Aranburu landetxea Aizarnan, etxean bezala sentitzeko
J.S.|ZESTOA
0904_hurrengo_p06_f01

Aurtengo uda berezi honetan, landa turismoa izan da hiritar askok oporrak egiteko aukeratu duten modua. Leku lasaia, natura, bertako gastronomia eta gertuko arreta eskaintzen dute landetxeek eta horregatik izan dute abuztuan %70eko okupazio maila. Horien artean dago Aranburu landetxea, Zestoako Aizarna auzoan kokatua.

Zumaia eta Azpeitia artean dago Aizarna, eta bi herri horiek lotzen dituen errepidean dago bertara iristeko saihesbidea, Iraeta parean. Lau kilometro gora egin eta gero, Aizarnako elizarekin egingo dugu topo, eta, horren alboan, Aranburu landetxea, zelai berdez inguratutako XVI. mendeko etxea.

Mahasti handi batek estaltzen duen etxearen atarian ongietorria eman digu Migel Anjel Uzkudunek, orain dela hamabost urte Aranburu baserria goitik behera berriztatu eta bertan landetxea jartzea erabaki zuen gizonak hain zuzen. «Gu maizterrak ginen hemen 30eko hamarkadaz geroztik eta 1990an etxea erosi genuen. Hamaika senidetatik ni izan nintzen azkena geratu nintzena eta 2005ean landetxea jartzea erabaki nuen. Urtebeteko lanen ondoren, sei gela eta jatetxea dituen landetxea zabaldu genuen», dio Migel Anjelek.

Aurtengo uda berezi hau zer moduz joan den galdetzerakoan, hasieran uste zutena baino hobeto joan zaiela nabarmendu du. «Egoera honetan batez ere, jendeak herri txikietara etorri nahi du, bake bila», dio.

Bezero horien jatorriaren inguruan, aurreko urteetan katalan asko etortzen zela baina aurten gutxiago izan direla azaldu du. «Uztailean euskaldun asko ibili da, eta kanpoko batzuk etorri dira, baina gau baterako edo bi bakarrik».

Abuztuan, aldiz, beste urtetako bezeroek errepikatu dutela dio, egonaldi luzeagoak eginez. «Horiek bazekiten nora zetozen eta lasaiago etorri dira, egun gehiago pasatzera».

Arkumea burruntzian erreta

Jatetxeari dagokionez, bertan ere udan jende asko ibili dela dio. «Eguna pasatzera ateratzen zen jende asko etorri da hona bazkaltzera, lasaitasun bila», dio. Izan ere, atari ederra du Aranburu landetxeak eta bertan denetik eskaintzen dute: ogitartekoak, plater konbinatuak, eguneko menua, karta…

Sukaldeko berezitasunen artean, arrainak eta bertako haragiak aipatzen ditu Uzkudunek. «Inguruko haragia eskaintzen saiatzen gara: Lumagorri oilaskoak, Basatxerri txerrikiak eta arkumea, burruntzian erreta. Hauxe da izena eman diguna eta jendea horren bila etortzen da», dio herriko jaietan eta beste hainbat ospakizunetan arkumea eta txerria erretzera ohituta dagoen Migel Anjelek.