Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Errealismoa? Popatik!

Laster hasiko da datorren urteko aurrekontuen dantza, eta, Lakuakoa segidako gobernua izanda, pentsa liteke atzekontuak izango direla, hurrengoak ere. Ordura arte kontu-kontari ibiliko dira besteei «errealismo» eske. Hortaz, pandemiak momentuz oasi-laku horretan gehien lortu duena goi-karguen hitzezko jarreretan zelanbaiteko aldaketa izan da, aldarte aldaketa modukoa edo; ez genuen ba entzun lehendakaria bera trobalari hauteskunde gauean? Kantu kantari? Ama, ama! Hamaika entzuteko gara! Etorkizun berri baten seinale? Oso fededuna izan behar sinesteko! Oso-oso! Ez da nire kasua.

Errealismoa? Ajuriaeneko maizterrak esaten ohi duena nire gogoan orain, «hain da zaila esatea…» errealitatea ez dela existitzen? Inguruan den horri begi desberdinez begiratuta errealitate desberdinak ikusten ditugula? Zer errealismo eta errealismo-oste da jelkideena? Euskaldunontzat Testamentu Zaharra den behialako estatutu harena? Amen! Begiratzeko modua aldatu behar ikusten hasteko… Hortxe ari dira haserre bizian osasun eta hezkuntza arloko eragileak, aspaldiko partez eskutik oraingoan, eta? Lakuan zerbitzu publikoen anorexizazioa amets!

Baiko enpresako pilotariak ere haserre, ezkor, «errealitate jasanezina» salatuz, ez dute nahi Ezkokoak izan, eta pilota Zuzendaritzaren teilatuan utzi dute, hain MOTZ geratuta PASA ere egin duelakoan.

Eta positiboak ere dantzan. Lehengoan EH Bilduk Podemosekin hitzordua izan eta, hara!, «positiboa» izan zela! Hauek behintzat sintomatikoak dira. Halakoak balira hemengo oasian diren agintari guztiak!

Tira! Nondik eta Ameriketako Estatu Batuetatik dator notizia, euskara izan dela… jalgi hadi plazara! «Zoaz popatik hartzera!», biraoek hizkuntzari bizitasuna ematen dioten seinale. Nik gustura egiten dut euskaraz birao, eta leku batzuetan arameraz zin ere…