Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Elkarrizketa
ITZIAR ITUÑO
AKTOREA

«Eskubideen aldeko aldarria da ‘Alardea’. Ezin dira tradizioak aldatu?»

Itxialdia amaituta, bertan behera gelditu ziren proiektuekin buru-belarri dabil Itziar Ituño. Aurten birritan «bisitatuko» du Zinemaldia: Imanol Rayoren «Hil kanpaiak» filmarekin (New Directors) eta David Perez Sañudoren «Alardea» telesailarekin. «La casa de papel» (Netflix) telesailaren azken denboraldiari ekin dio eta bertatik eskaini dio tarte bat GARAri.

David Perez Sañudok (Bilbo, 1987) zuzenduta, “Alardea” telesailean Amaiaren azalean sartu da Itziar Ituño (Basauri, 1974). Edurne ama (Klara Badiola) garai batean Uriola herri asmatuan emakumeak alardean parte hartzearen aldekoa du eta Jone alaba (Carmen Climent) ordea, kantinera moduan dabil. Errealitatean oinarrituta, fikzioak egiazko zauriak eta arrakalak jarriko dizkigu begien aurrean.

EiTB galan lehen bi kapituluak estreinatuko dira gaur eta aurrerago telebista publikoan ikusi ahal izango da osorik. Bihar, Imanol Rayok Zuzendari Berrien sailean estreinatuko du “Hil kanpaiak”.

Zinemaldian eskainiko dira «Alardea»-ren lehen bi atalak; telebistan aurrerago ikusiko dugu. Zer aurreratu dezakezu?

Fikziozko herri batean kokatzen da telesaila, Uriola deituriko herrian. Betiko alarde bat dago eta badago emakume talde bat bertan parte hartu nahi duena. Hori da trama nagusia, baina hori garatzeko, gidoilariek jaso dute familia batean nola islatzen den herrian sortzen den arrakala hori, dela bi alardeen arteko arrakala. Protagonistak emakumeak diren arren, gizonak ere presente daude eta oso paper inportantea jokatzen dute istorioa garatzeko orduan. Oso gai delikatua da, oso potentea, erraietakoa.

Amaiaren azalean jarri zara. Nolabait bidegurutze batean dago, Edurne ama eta Jone alabaren artean. Nor da Amaia eta zein erabaki hartu beharko ditu?

Amaia Haur Hezkuntzako irakaslea da eta familia osatuta dauka, senarra du eta alaba bat. Aspaldian ez du bere amarekin hitz egin, arazo handi bat izan zutelako iraganean, eztabaida latza, eta ez dira ondo konpontzen. Ama [Klara Badiola] bere garaian saiatu zen aurreko mugimendu batean emakumea Uriolan alardearen parte izan zedin, baina ez zen ondo amaitu. Zeozer gertatu zen eta ama eta alaba urrundu egin ziren bata bestearengandik.

Amaia oso emakume ahaldundua da, feminista, bere eskubideen alde borrokatzen dena, baina alardearen gaia beretzat… uf, gogora ekartzen dio berak bizitako trauma bat, zauri bat zabaltzen dio alardeak. Horregatik bere jarrera aparte gelditzea da, ez du ezer jakin nahi. Bere alaba, berriz, betiko alardearen aldekoa da, baita senarra ere, baina familia horretan harmonian bizi dira bakoitzaren erabakiak errespetatuz. Zer gertatzen da, ordea? Herria banatzen denean badagoela eragina ere familiaren baitan. Amaia zalantzan ibiliko da, zer erabaki hartu, aurrera edo atzera egin… bere traumarekin borrokan ibiliko da gauzak ulertu arte. Emakume indartsua da, baina zalantza egiten du erabaki batzuen aurrean.

Jai batek ematen digu bidea gai mingarriez hitz egiteko. Herri bat nola banantzen den eta familiak nola apurtzen diren.

Bai, telesailak hori islatzen du, benetan gertatu diren egietan oinarrituta dagoelako. Gidoilariak, zuzendaria, benetako gertakarietan inspiratu dira. Bizkaitarra naiz eta entzunda nituen Irun eta Hondarribiko kasuak. Zein latza izan zen emakume haientzat eta azken finean herri osoarentzat… pertsonaia horren azalean sartu eta hura bizitzea, emozioak puri-purian daude.

Bizkaitarra zara eta fikzioan oinarritu den errealitatea Bidasoaldekoa da. Pertsonaia nola prestatu duzu?

Gidoiak irakurri nituen, baina informazio gehiago behar nuen. Emakume haien lekukotzak jasotzen dituzten dokumental posible guztiak ikusi nituen; benetako protagonistak ikusten eta haiek entzuten prestatu dut. Nire pertsonaia berdintasunean parte hartu nahi duten emakumeen aldean dago, eta hortik bilatu dut informazioa. Badaude emakumeak beste aldean, Amaia ez dagoen alde horretan, baina haien zergatiak eta arrazoiak ez ditut bilatu, nire pertsonaia bestelakoa delako. Eta musika ere topatu dut, Fermin Muguruzak Dut taldearekin kantatzen zuenean “Bidasoa fundamentalista inoiz ez”... Horrek soinu banda moduan inspiratzeko balio izan dit.

Erdigunean dago emakumearen lekua espazio publikoetan eta, zehazki, jaietan. Telesail hau hausnarketarako tresna al da?

Herriko jaietan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzearen aldeko mezu bat da istorioak kontatzen duena, eta bai, tradizioei buruz hausnartzeko asko ematen du, zenbait gauza birpentsatzeko. Tradizioak tradizio dira? Ezin dira aldatu? Zalantzak sortzen dira, edo ez… horren inguruan hausnartzeko balio du. Baina, jakina, tradizioaren eta eskubideen arteko talka gertatzen bada, zer egin? Kasu honetan, emakumeen eskubidea da herriko jaietan parte hartu ahal izatea, beste guztiek bezala. Tradizio guztien gainetik daude eskubideak. Eta hor dago koska, konpondu beharrekoa eta ulertu beharrekoa. Nik oso argi daukat, e?

Telesailak ez zuen nolanahiko erronka. Ausarta izan da?

Bai, jakina. Historia ikuspegi batetik kontatuta dago, hori argi dago, ez da gelditzen bitarteko espazio batean, ez du kanpotik begiratzen, parte hartzen du, bai: emakumeen alde dago. Oso gai sensiblea da, arantzatsua diozun moduan, eta uste dut hasi direla kritikak dagoeneko estreinaldia baino lehenago. Eta ez dakit ona den, zeren konpontze bidean badoaz, suabe-suabe, belaunaldi berriak… Baina kontatu beharreko istorioa zen, zeren gatazka ez da konpondu. Badaude asko sufritzen ari diren herri bi, zauri bi zabalik daude, eta guk hori kontatzea erabaki dugu. Kritikak jaso behar baditugu, iritziak edo irainak, ni prest jasotzeko. Nik badakit non nagoen.