2020/10/04

Petti: «Goizean pixa egin aurretik hartzen dugu sakelakoa, hori bada sintoma bat»

Txotxongiloak gara, burua lastoz gainezka eta eskuak beste inork maneiatzen dituen hari ikusezinei lotuta dituzten panpinak. Eta hala izan dadin onartzen dugu. Loaldi luze horretatik esnatzeko ahalegina da «Manipulazio estrategiak», Pettik argitaratu berri duen disko sendoa eta, ziurrenik, bere bakarkako ibilbideari amaiera emango diona. Noam Chomskyren pentsaera ardatz hartuta osatu du gaur Bilboko Loraldian aurkeztuko duen disko bikaina.

Amalur ARTOLA|BILBO
1004_kul_petti

Egun berezia izango da gaurkoa Pettirentzat. Berako kantariak ahalegin berezia jarri du “Manipulazio estrategiak” diskoa osatzen eta gaur, Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan (12.30, Guggenheim), grabatua izan den formatu berean aurkeztuko du oholtza gainean, Etxeko Uzta taldearekin eta Et Incarnatus orkestrarekin batera.

Orotara, hamar-hamaika pertsona igoko dira Guggenheimeko oholtzara, pandemia betean. «Erronka handia da, bai. Diskoan dagoen bezala eman nahi dugu, baina jende aunitz dago tartean, eta ez da erraza, horregatik emango dugu kontzertu bakar bat», azaldu du. Eta, kontzertuaren ostean, arratsaldean, Berako kantaria solasaldian ariko da enkarguz diskorako hitzak egin dizkion Harkaitz Cano idazlearekin, Ana Galarragak gidatuta. «Asmoa da kontzertuan egindako grabazio batzuk ematea, eta gero Chomskyren gauzatxo batzuk eta diskoa nola gauzatu den azaltzea», zehaztu du.

Izan ere, “Manipulazio estrategiak” diskoak pentsalari estatubatuar ezagunaren esanen gaineko gogoeta bat jarri nahi du mahai gainean. Zehazki, Sylvain Timsitek Chomskyren pentsamenduan oinarrituta idatzi eta Interneten asko hedatu den hamar manipulazio moldeen zerrenda hartzen du abiapuntu gisa. Zerrenda horretatik abiatuta diskorako hitzak egin zitzala eskatu zion Pettik Harkaitz Cano idazleari eta emaitza gizartea maneiatzeko estrategiez gogoeta egiten duen disko sendoa da.

«Zerrenda hori irakurrita hasi nintzen Chomskyren lanean interesatzen. Nire ustez egunero gertatzen diren gauzekin ez gara konturatzen, ez gara kontziente manipulazio hori noraino iristen den, noraino kontrolatzen gaituzten goitik datozen hari horiek, ezta zein den hari horiek eusten dituen eskua ere. Gu, azken finean, txotxongiloak baikara», baieztatu du.

Gizartea kontrolpean edukitzeko estrategia horien artean sare sozialek duten pisua nabarmendu du Pettik (hain justu, horretaz hitz egiten du “Zeure begia, haien zizare” abestian): «Egunero sartzen gara Facebook edo Twitterren, ohetik altxa eta pixa egin aurretik sakelakoa eskuartean dugu eta hori bada kontrolatzeko modu bat, bada baita zerbaiten sintoma ere. Hori guztia hain barneratuta dugu ez garela ohartu ere egiten». Edo ohartzen gara, baina, eskuak lotuta sentitzen ditugunez, ez ikusiarena egiten dugu: «Nik pertsonalki, adibidez, badakit gauza batzuk gertatu egiten direla, hor daudela, baina hain normalizatua dago dena... Ezin batean bizi gara. ‘Bai, badakit horrela dela, baina, nola nik ezin dudan ezer egin, paso egingo dut eta ez dut eginen ezer’ pentsatzen dugu», aitortu du.

Jarrera immobilista horren aurkako mezua da “Manipulazio estrategiak”, loaldi sakonetik esnatzeko deiadarra, begiak itxirik dituenak nekez ikusiko baitu ezer. «Nik uste dut zerbait egiten ahal dela, ni behintzat saiatu naiz disko hau egiten horretarako, nahiz badakidan asko jota batek edo bik egingo didatela kasu. Baina bi horiek kasu egitea lortzen badut, bada zerbait», baieztatu du.

Harrera ezin hobea

Diskoak izan duen harrerarekin gustura dagoela aitortu du Pettik. Ondo saltzen ari da, batez ere kontzertuetan. Eta jaso dituen iritziak ere onak izan dira. «Pandemia honek gauza txarrak ditu, noski, baina, neurekoia izanda, esan behar dut Chomskyren gaia landu dudanez eta pandemian Chomsky pil-pilean egon denez, eta egoten jarraituko duenez, diskoari lagundu egin diola», iritzi du. Diskoa, baina, covid-19a guztiz arrotza zitzaigun garaian hasi zen eraikitzen, orain bi urte.

Harrera «hagitz ona, espero baino askoz hobea» izan den arren, Berako musikariak bere asmoari eutsiko diola dio; ZAZPIKAri eskainitako elkarrizketa batean, disko honekin bakarkako musika ibilbideari amaiera emateko asmoa duela iragarri zuen. «Horretan nabil. Beran bizi nintzen eta Iruñera noa lan bila. Jende askok esan dit ez uzteko, segitzeko, baina Petti gisa azken diskoa izango dela uste dut. Gauzak aunitz aldatu beharko lirateke erabakia aldatzeko», ziurtatu du.

“Manipulazio estrategiak” diskoan ahalegin berezia egin izana ere erabaki horrek baldintzatua izan dela azaldu du. «Disko potente bat egin nahi nuen. Erabaki hori mahai gainean ez banu, ez nuen disko hau egingo, seguruenik disko ‘errazagoa’ egingo nuen», ziurtatu du. Hala ere, bada zalantza izpi da bere esanetan: «Lagun batek esaten du musikariak toreroak bezalakoak garela, beti diogula utziko dugula baina gero ez dugula sekula uzten, beraz, ez dakit».

Azkenik, dei bat ere egin nahi izan du: «Jendea animatu nahi nuke kontzertuetara joatera. Kultura segurua da, inongo kontzertutan ez da kutsatzerik eman, eta musikariek, antzerkilariek, aktoreek, teknikariek... mundu horretan mugitzen garenok inoiz baino laguntza gehiago behar dugu, eta eskertuak egongo gara jendeari».

ITSU, MUTU, GOR


«Badakigu gauza batzuk gertatu egiten direla, hor daudela, baina hain normalizatua dago dena... Ezin batean bizi gara. ‘Badakit horrela dela, baina, nola nik ezin dudan ezer egin, paso egingo dut eta ez dut eginen ezer’ pentsatzen dugu», azaldu du Pettik. Diskoa immobilismo horretatik irteteko aldarria da.