2020/10/16

Urtea hasi denetik «kapitalismoak 52 langile erail» dituela salatu du Ernaik

2020. urtean gutxienez 52 langile hil direla salatzeko ekimen ikusgarriak antolatu zituen atzo Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Dagoeneko iazko langile «erailen» kopurua gainditu dela gogoratu zuen eta egoera hori «desnormalizatzeko» deia egin zuen.

GARA|DONOSTIA
1016_eh_ernai

Ernai gazte antolakundeak ekimenak egin zituen atzo Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan, Iruñeko Gaztelu Plazan eta Bilboko Arriaga Plazan, «etenik ez duen lan heriotzen odolustea» salatzeko. Donostian Miramar jauregia hautatu zuten, Osalan bertan lan istripuen prebentziorako jardunaldi bat egiten ari zelako. 52 lagunek aurten lanean hildako langileak irudikatu zituzten eta euren buruak aluminiozko mantekin estali zituzten.

Hiriburuetan egindako ekintzen ostean, gainera, Zaldibarreko zabortegian Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duela gogoratu zuen antolakundeak eta, orotara, iazko langile «erailen» kopurua gainditu dela jada, urtea amaitzeko hiruhileko oso bat geratzen den arren eta azken hilabeteetan enplegu askotan geldialdi luzeak izan badira ere.

Ernairen arabera, ekoizpen eredu kapitalistak «langileok gure lan indarra saltzera behartzen gaitu eta menpekotasun hau larrutik ordaintzen dugu». Izan ere, antolakundeak salatu zuenez, «klase kapitalistaren eta merkatuen etengabeko irabazi nahiak» langileen lan eta bizi baldintzak zeharo kaskartu ditu: «Esplotazioa zorroztu dute eta prekarizazio modu berriek langileria osoa mehatxatzen dute».

Gazteria esplotazio neurriak inposatzeko «lehen katebegi» bezala erabiltzen dutela eta biktima zuzena dela nabarmendu zuten; soldata «miserableak», kontraturik ez izatea, praktikaldiak, praktika kontratuak, beharturiko aldi baterakotasuna, lanaldi partzialak, azpikontratazioa eta autonomo faltsuak horren erakusle direla adierazi zuten.

Patronala eta erakunde publikoak jo zituzten lan heriotzen erantzule eta, laneko heriotzak, kasualitate izatetik urrun, «lan baldintzen kaskartzearen ondorio zuzena» direla salatu zuten.

Hortaz, egoera «desnormalizatzeko» ordua dela azpimarratu zuen Ernaik: «Arduradunak seinalatu eta neurriak har daitezen exijitzen dugu. Kapitalismo patriarkalak ebazten duen lanaren antolaketa soziala eta egungo parte hartze eredu sozial eta politikoa iraultzea ezinbestekotzat jotzen dugu».`

Ildo horretan, «bizitzaren sostengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa defendatu eta bultzatzen» dutela nabarmendu zuten Ernaiko kideek.