2020/10/18

Julen Murgoitio
Heldu gabe, zahartu!

Arraroa, oso arraroa izaten ari da aurtengo uda osteko garaia. Kontuak atera, alderdi eguna bera ere ez da aurten izan, landak han izanda ere. Hortaz, lurzoruak pozarren! Are gehiago inguruko basoaldeko perretxikoak! Arraroa, bai. Prentsa hartu, zabaldu eta hara! zerra-hortzekin egiten dugu topo, nahitaez; zenbat-non-noiz koloretan agerian; kutsatzeez nago. Herenegun behera, atzo gora, bihar auskalo! Halaxe dugu martxa, Giroko gaueko mendiko etapa baten profila bailitzan. Ia-ia esaterik dago argiago dutela frontoietan!

Eta, gainera, euriek euritako barik harrapatu! Arraroa gero euskal oasi hau! Baina, egia aitortze aldera, ez zebilen oker Jaurlaritzan oasi izena asmatu zuena, Mirakontxa-Easo tarte horretan sikiera pilo bat hondar topatu baitute, eta urtsua. Palmondoren bat bada handik, gameluak falta, baietz! Beharbada laster agertuko, inguruko pisu turistikoren batean! Nire duda bakarra da ea Lakuan bertan asmatu zuten oasi izena ala ospe susmagarriko enpresaren baten eskuetan utzi ote zuten. Ikusita europar dirulaguntzak baliatzeko aurkeztu diren proiektuak zelan eta zeinek zirriborratu dituen…

Ama, ama! Noraino ez den heltzen Jaurlaritzaren subsidiaritate-grina! Zaldibar gogoan iltzatuta oraindik! Eta zer esan Estatutua betetzeko enegarren aldiz jakinarazi duten egutegiaz? Azkenean sukaldeko horman eskegiko dut! Berrogeita bat urte eta oraindik hau! Eskumenekin tratuan! Estatutua zahartu da helduarotik pasa gabe. Estatus berria bihotzean, ustez, baina buruan status quo baino ez. Baina ezin da ukatu otsailean abisatuak ginela «Negoziazio posibleen kronograma orientagarriaren proposamena» aurkeztu zutenean. Harrapa ezak/n! Erakunde-borrokan abiatuko balira behingoz beheko Estatuarekin! Eta Hiriburun bezala hemen ere murgiltze-ereduan sartuko balira!… Hortaz, Errepublika!