GARA
BILBO

Trumpek bere lana goretsi du, AEBek marka berria ezarri duten egunean

Donald Trump AEBetako presidenteak pandemiaren gainean bere Gobernuak egindako kudeaketa defendatu eta hori ezeztatzen duten datuei garrantzia kendu zien atzo, nahiz eta iragan ostegunean herrialde horrek gaitzaren kutsatze kopuruan marka berria ezarri, ostiralean bederatzi milioi kasutik gorako langa apurtu eta atzo berriz ere inoiz baino kasu gehiago atzeman: 94.125 egun bakar batean.

Agintari polemikoak argudiatu zuen kopuru altua test gehiago egitearen ondorioa dela eta AEBak «Europa baino hobeto» daudela. «Test gehiago kasu gehiago dira», idatzi zuen Twitterren, askotan erabilitako argudioa errepikatuz, heldu den asteartean hauteskundeei aurre egin beharko dien agintariak.

AEBetan izan dira orain arte munduan beste inon baino kutsatu gehiago, eta hildako kopuruan ere herrialde hori da lehena, baina, hala ere, Trumpek bereari eutsi zion. «Test hobeak ditugu. Heriotzak ere gutxitzen ari dira, eta ospitaleek ahalmen handiagoa dute; Europa baino askoz hobeto egiten ari gara», ziurtatu zuen presidenteak.

Horrekin batera, hilabete hasieran covid-19an positibo eman zuela eta ospitaletik igaro behar izan zuela gaineratu zuen, bere gaixotasuna hauteskunde-tresna gisa erabiliz, nahiz eta pandemiaren hasiera-hasieratik berak eta bere alderdikideek birusari garrantzia kentzen saiatu izan diren, eta, adibidez, maskara erabiltzeari muzin egin dion.

230.000 hildakotik gora

Kanpainaren azken txanpan sartuta dagoen presidentearen hitzak alde batera utzita, AEBak positibo kopuruaren igoera nabarmena pairatzen ari dira azken egunetan. Ildo horretan, Trumpek ez bezala, Anthony Fauci AEBetako koronabirusaren aurkako borrokaren arduradun zientifiko nagusiak «onartezintzat» jo ditu herrialdeko zifrak, eta AEBak hirugarren olatu batean ez daudela azpimarratu zuen atzo egindako elkarrizketa batean, baizik eta lehenengoa inoiz ez duela gainditu.

Halaber, epidemiologoak azaldu zuenez, iragan udaberrian pandemiak eragindako ospitaleratzeen ia erdiak New Yorken gertatu ziren, baina egun birusa herrialde osoan gogor jotzen ari da. Horren ondorioz, dagoeneko 230.000tik gora dira gaitz berri honen eraginez zendutakoak.

Testuinguru honetan, Maine estatu txikiak 119 kutsatze izan zituen ostiralean, eta, horrela urrian kutsatze kopuruan marka hautsi duen 30. estatua da. Haren aurretik, hilabete honetan goia jo dute New Hampshirek, Alabamak, Alaskak, Coloradok, Idahok, Illinoisek, Indianak, Kansasek, Michiganek, Misurik, Montanak, Nebraskak, Mexiko Berriak, Ipar Carolinak, Ipar Dakotak, Oregonek, Pennsylvaniak, Tennesseek, Utah-k, Washingtonek eta Wisconsinek.

Kasu gehien Kaliforniak, Texasek eta Floridak dituzte, nahiz eta New Yorkek jarraitzen duen izaten heriotza kopururik altuena: 33.451. Hain zuzen, estatu honek atzo iragarri zuen bisitan joan nahi dutenei aurreko hiru egunetan egindako covid-19-aren test bat aurkezteko eskatuko diela, eta beste proba bat egitea, iritsi eta hiru eguneko berrogeialdia igaro ondoren.