Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Kanadako Mendi Harritsuetan xede eder bat biribildu dute

Iragan urrian, Alik Berg eta Quentin Roberts kanadarrek Forbes mendiaren (3.612 m) ekialdeko aurpegia lehendabiziko aldiz igo zuten. Nahiz eta zailtasun tekniko samurrak dituen (M4, WI3+), hiru egun behar izan zituzten jarduera egiteko. Eguraldia lagun izan zuten.

Kanadako Mendi Harritsuetan udazkeneko denboraldia hasi da, eta dagoeneko eskalada batzuk egin dira. Quentin Roberts eta Alik Berg kanadarrek, adibidez, hamarraldi asko zintzilik egon den helburu bat lortu berri dute. Hain zuzen ere, sokada horrek Forbes mendiaren ekialdeko aurpegia lehen aldiz igo du.

Berez, ez da mendi garai bat: 3.612 metro ditu. Baina oso urruti dago. Eta horren isla da aktibitate hori biribildu ahal izateko, hiru eguneko joan-etorria egin behar izan zutela bi eskalatzaileek: urriaren 1ean hasi zuten ekinaldia eta 3an bukatu zuten.

Zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, aurrera dezakegu ez direla batere zailak: M4 eta WI3+. Baina protagonistek baieztatu dute eite horri baino gehiago, belaunaldi askok lortu gabeko erronka izateari eman diotela garrantzia. Horrela dio, behintzat, Robertsek: «Azken hamarraldiotan, makina bat alpinista Forbes mendiaren ekialdeko aurpegia aztertzen izan dira. Igo gabe zegoenez, proiektu oso erakargarria zen. Egia esan, lehen igoera lortzeko denbora asko igaro da. Zibilizaziotik oso urruti dago mendia eta dituen baldintzak neurtzea oso zaila da. Denboraren poderioz, mendiaren isuri ezberdinetan bideak zabaltzen joan dira. Baina horma ikaragarri hau zintzilik geratu izan da; erronka handia zen. Gu iritsi arte, inor ez du ekinaldirik egin. Berezia da oso murru hori igo gabe egon izana».

Bi kanadarrok onartu dute zorte handia izan dutela jarduera egiteko. Izan ere, Robertsek aurreratu duenez, eguraldia lagun izan zuten: «Ez zirudien urria zenik. Bero egiten zuen: Alikek eskalada guztia mahuka motzean egin zuen! Beroaren ondorioz, izotza alde guztietatik erortzen zen. Segurtasuna bermatu ahal izateko, laiotzean zeuden korridoreak aukeratu genituen».

Bidearen ezaugarriei eta zailtasunei dagokienez, protagonistok diote teknikoki ez dela batere zaila. M4 eta WI3+ mailako sekzioak gainditu behar izan zituzten: «Ez da gogorra, baina zailtasunean iraunkorra da. Horma osoa ensamblean eskalatu genuen. Jarduera honek beste berezitasun batzuk ditu: hurbilketa oso luzea da eta isuri hori oso ezkutatuta dago. Errepidetik ez da ikusten; soilik eskalatzen duzun egunean ikus dezakezu».

Lehen igoera

Arestian aipatu dugun bezala, kanadarrok urriaren 1ean hasi ziren mendira hurbiltzen. Lehen eguna, berez, jarduera oso bat da. Eta Robertsek horri jarri nahi izan dio azpimarra: «Forbes mendiaren ekialdeko hormaren sarrerara heltzeko, 27 kilometroko hurbilketa egin behar da. Hori egin eta gero, iparraldeko isurian dagoen glaziarrean bibaka egiten da. Aurpegi hori ondo baino hobeto ikusten da, baina, aldiz, ekialdekoa ez. Horregatik diogu lehen egun hori berez jada jarduera aipagarria dela. Abentura bat. Bederatzi ordu behar izan genituen bibakera iristeko: haranak, lakuak, morrenak... Bat-batean, hartz batekin ere egin genuen topo! Lasaitasun guztiarekin aldendu ginen».

Ekialdeko hormara heltzeko, ibilbide gorabeheratsua egin zuten: 800 metro desnibel positibo eta beste 200 negatibo. Eguzkiaren lehen izpiekin murruaren sarrerara iritsi ziren: «Eguraldiaren baldintzak oso egonkorrak ziren. Haranean hotz egiten zuen bitartean, garaieran bero egin zigun. Bide egokiena jarraitu ahal izateko, ez genuen arazorik izan. Eta, gainera, eskalatu behar genituen sistema edo sekzio guztiak lotuta zeuden. Geure buruak babesteko ere leku egokiak zeuden, hots, bilera oso seguruak aurkitu genituen. Nahiz eta inguruko hormetan izotza erortzen zen, guk eskalatutako bidearen baldintzak oso onak izan ziren. Horrekin ere zorte handia izan genuen».

Bigarren egun horretan iritsi ziren Forbes mendiaren gailurrera. Ostean, beste egun bat behar izan zuten itzulerako.