GARA
BILBO

Sei zinemagile ospetsuren proposamen laburrenak erakutsiko ditu Zinebi jaialdiak

Jafar Panahi edo Luca Guadagnino bezalako zuzendari ezagunen film labur berrienak eskainiko ditu gaur Bilboko Zinebi jaialdiak. Esther Ferrer artistaren inguruko lan bat ere estreinatuko da.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 62. edizioari ekin zion ostiralean Arriagan, eta datorren ostiralera arte lan berri eta bitxi ugari izango dira ikusgai. Gaur, esaterako, egungo nazioarteko eszenako sei zuzendari ezagunen film laburrak eskainiko dira. Mundu guztian film luzeak estreinatzen dituzte zuzendariok, baina, oraingoan, beren istorioak minutu gutxi batzuetan nola kontatzen dituzten egiaztatuko dugu “Glimpses/Distirak” atalean (Golem Alondegiko 5. aretoa, 19.00ak). Lan gehienak estreinaldiak dira.

Gauzak horrela, Donostiako Zinemaldiko epaimahaiburua izan zen Luca Guadagninok lehen aldiz aurkeztuko du Estatuan “Fiori, fiori, fiori!”, covid garaiotan Siziliako jaioterrira egindako itzulera kontatzen duen film laburra. Veneziako Urrezko Lehoia eta Berlingo Urrezko Hartza irabazi zituen Jafar Panahi irandarrak ere Zinebi aukeratu du Estatuan “Hidden” estreinatzeko.

Amaitzeko, gaurko beste bi proposamen: Arte Ederren Museoan 19.00etan estreinatuko den Esther Ferrer artistari buruzko Josu Rekalderen dokumentala eta Dardenne anaiei eskainitako atzera begirakoaren azken emanaldia.