Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zulozenoan Gabonak bai?

Ez dakit lotura dagoen ala ez, baina batzuk baietz saiatu lotura egiten! Bai, Erdialdeko Amerikan «Eta» izeneko urakanak gogor astinditu bazterrak eta hemen zuloak agertu! Kausalitatea ala kasualitatea? Burua bere aburu! Total, zulo-garaia dugu oraingoa, «zulozenoa» edo. Alde batetik, sudur-zuloak, eguneroko albiste, proba hau edo bestea izan, kotoi-zotzek barruraino bisitatzen duten zuloa; portzierto, benetako informazioa hain da eskasa, non mukiez ez duten ezertxo ere esaten.

Bestetik, Kontxa-zuloak, hondartzatik gertu han eta hor lurpean agertzen ari zaizkien ezin pentsatuzko zuloak. Jakina, pentsaezina da aurretik, aukeran ere, pentsatua ez duzuna! Hortaz, hondartza ondo-ondoan hondarra eta ura topatu beharra ere! Hondar-zenoa gero! Gauzak horrela, eta Euskadi ditxosozko innobazio kontu zer horretan paparra atera nahian, hara non «metro» definizioa bera aldatzeko proposamena egin omen duten. Enea ez den Ajuriatik jakin izan dudanez, proposamena «garapen kontzeptual» huts egoeran dago momentuz… mami faltan, eta hezur ezean, baina oso aurreratua, kontzeptualean!

Tira, definizio harira! Distantziak neurtzeko oinarrizko unitatea izatetik lurpeko zuloen arteko euskal jatorriko trenbide sistema izatera pasatzeko proposamena. Zulozenoa, bai! Eta zenbat zulo abiadura handi zein apenasko tren-lanen kontu publikoetan? Jendea plazan protestaka hasi eta hara sailburua karaokean: «Ez negar egin, zuloak elkarrekin…». Ama, ama! Beti borrokan! Kale borrokatik erakunde borrokara, hemendik aurrekontu borrokara eta orain fiskalen borrokara, horietariko batzuk batera aritzeko gune sortuta.

Eta belarribizi eta ahoprest arigunez arigune aritzen garen honetan, zulozenoaren hurrengo zer-zenoa guztiz baldintzatuko duen galdera agertzen zaigu krudelkeria betean: aurten Gabonak bai?