Jon ORMAZABAL
PILOTA

Darioren armekin lortu du Altunak finalerako txartela

ALTUNA III.A 22

DARIO 15


Bigarren finalerdian joa, sakea, fisikoa, oinak eta arintasuna nagusitu zirela esanda, emango luke Dariok jokatuko duela aurtengo Buruz Buruko finala, baina aurkariaren armak bereak ere izan daitezkeela frogatuta, lagun minen arteko partida batek, Erik Jaka eta Jokin Altunaren artekoak, erabakiko du aurtengo txapela, amezketarrak ondo landutako garaipenaren ostean. 1955. urtetik egokitu gabeko gipuzkoarren arteko finala jokatuko da, hortaz, igandean Bizkaia pilotalekuan, aspaldiko bereziena, eta ez bakarrik publikorik egongo ez delako.

Horretarako, ordea, azken pauso antagonikoak eman behar izan dituzte bi finalistek, larunbatean lizartzarrak neurketa eroso samarra izan zuen bitartean, Dariok erabat hustera behartu baitzuen amezketarra, gauzak oso zail jarriz. Izan ere, sakea baino askoz gehiago dela erakutsi zuen Dariok.

Gauzak horrela, lehen jardunaldian Peñaren aurka txundituta utzi gintuen Altuna zehatz eta eraginkorra alde batera utzi eta orain astebete Ezkurdia kanporatu zuen Altuna serio eta langilea izan behar izan zuen amezketarrak partida aurrera ateratzeko. Dariok behartu egin zuen, asko, airez bi tanto baino ez zituen lortu gipuzkoarrak eta 7-3 aurreratzea lortu bazuen ere, kosta egin zitzaion zuloa irekitzea.

Botera nagusitu

Horren berea duen sake-errematerako aukerarik ere apenas izan zuen Jokin Altunak, eta saiatu zen bi aldietan aurkariaren oin arinek ezerezean utzi zuten bere ahalegina; beste joko mota bat egitera bultzatu zuen horrek. Eta normalean bestelako Jokin Altuna bat ikustera ohituta bagaude ere, beste bertsio zurrunago hau ere oso eraginkorra izan daitekeela ikusi genuen. Bere burua larrien ikusi zuenean (14-15), bera izan zen Darioren txokoko dejada on batera heldu eta buruz gain pasa zuena, eta hortik aurrera zuzenean joan zen 22ra. Dejadak eta erremate politak alde batera utzi eta pilota luzatu eta baztertzeari ekin zion etengabe. 17-18koan zabalean egindako dejada bikain bat kenduta, atzean Darioren hutsa behartuz lortu zituen falta zitzaizkion tanto guztiak, finalerako txartela lortu arte.