Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ezohiko ohiturak behar

Abendu hasieran urtez urte ideia bera pasatzen zait burutik: Durango Azoka izango ote zen, presentzial zein birtual, ez dakit nongo Ama Birjina eta ez dakit nongo Konstituzioa ez balira? Eta izatekotan, pandemia garaian ez ote zen esan behar ez-birjina eta ez-konstituzioa? Are gehiago, konstituzio hori bekaturik gabe sortua ote da? Sortzaile izan guratik diot… ez-gabonak izango direnez… Ama, ama! Normaltasuna zertan den berri oraindik jakitera iritsi gabe nagoen honetan, ez-gabonak izango dira aurtengoak. Guztiz mugatuak izango diren Gabon zabalak. Udako ikastaro bat beharko nuke horren funtsa ulertzeko, ez bada ideia ‘‘garapen kontzeptualean’’ dagoela…

Total, olaturik olatu ikasten ari garena zera da, itsas mailak gorantz egiten segitzen duela, pandemiarenak ardura ez diola. Gabonetako ospakizunak buruan, lagundu mesedez, azkenean zenbat senide bildu daitezke mahai bueltan? Eta zenbat otarrainxka platerean? Eta, koinatuak… akaso senide dira? Zenbat botila bota litezke batera edukiontzi berdera, hori bai, seguru egonda a-pur-tu egiten ditugula? Gehiago, Gehiagorekin, Gehiagotan… horrek balio al du Gabonetako afarietarako?

Bada bai, joan da, momentuz, erdaraldiaren eremu mugagabean izan den Euskaraldiaren oasi mugatua, euskal beduinoen ariketa sozial kolektiboa. Nork-Nori-Noiz-Zer. Utzi duena da gaurko abiapuntua; ohiturak aldatzea hartu beharko genuke ohitura, hizkuntzatik hasi eta… Gabonetatik pasatzen… Izan badu lurzorua, euskarak, mantenugaiak behar, etenik gabe. Portzierto, atzo izan zen Lurzoruaren Nazioarteko Eguna, ‘‘mantendu zorua bizirik’’ goiburupean. Kanta hura etorri zait burura: «Behin batean Loiolan, kuartel etxea zen…» eta nago ni, hor utzitako zorua, lurzoru bihurtuta, Urumearen esku utziko ote da? Uholdeen lasaigune? Ohiturak aldatzea ohitura hartuta...