Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Transformadorea arazo, denetan

Dena da aldakorra planetako munduetan. Den-dena. Gaur ondare hartzen diren antzinako eraikinak ere eragile atmosferikoek aldatuta agertzen zaizkigu gaur. Paradoxa gero, finkoa dena, argazkia bera, ez da iraunkorra; mugitzen dena, gauzen segida, bai, ostera. Bizitza hortxe dago, dinamiko! Zertan nengoen? A, bai! Dena da aldakorra, kutsatze datuen kurbatik harago.

Batzuetan izenak izana baldintzatzen duenez, jatorrizko izenen artean Chomolungma duen mendirik goienaren altuera eguneratu du mugaz alde bietako topografo taldeak. Kalkuluak kalkulu, 8.848,86 metroan finkatu dute. Lasaitu ederra hartuko zuten honezkero Afrikako neskatoek eguneroko kilometrotako bidea ontziak urez betetzeko egiten dutenean… Bai, tristeena zentimetroetan dago! Eguneratu egin dute kota, bai, baina hurrengo gaueko elurteak aldatua du. Akabo argazkiaren bizitza!

Eta Antartikatik askatua den A-68 izozmendia jitoan doa iparrerantz, bere kabuz, izotz-jabe. Egongo da baten bat, izenetik igartzen den izana baliatu eta bidesaria eskatuko diona. Omen, amen! Are gehiago, desioa izan ere A-8 izozmendia jitoan ikusteko. Merkatu nitxoa, zer demonio! Ez ote dira ba hasi ura bera kotizatzen Wall Street zer horretan! Kolpea gero, preziatzen ez dena burtsan kotizatu! Burtsa ala hil!

Ez dakit Zubietako ingurupena gune horretako errekako ura ere kotizagarri izango ote den, amoniakoa seguru baietz! Ekonomia zirkularra, prefosta! Benetan, burua matazatuta daukat horko kontuaz: badakit Gabonetan zer gertatuko den aurreikustea gaitza dela, eta Brexit-aren azkena zein izango den asmatzea nekeza dela… baina ez ote da zailagoa horko erraustegiak energia baimenik duen ala ez jakitea? Transformadorea arazo, omen, baina ez plantarena, gizartea argazkitik ateratzeko saiakerarena, trantsizio jator bidean…