Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Teilatua pilotan dagoenean

Demokrazia? Non da horren grazia? Erregimenak sortu eta togak batu. Gorena. Gorrena, hobe. Fiskalen paradisua. Bestelako oasia horiena, moketaduna, erretratuko monarka duna-zelaien artean daukatenez… Dromedario gizajoak, hangoak! Egur gizajoa erretratuaren markokoa! Total, aretoko guztiak batera, arigunean. Justizia asintomatikoa gero, beheko Estatuarena! Politikotzat hartzen duten kontuetan sikiera! Eta hauxe kolpea ere! Politikotzat zer hartu eta hara! Periferiakoa beti, eta ia dena! Manzanares Ankaratik pasatzen dela aprobetxatuz… bazterretan tokadunak zuhaitz adartsu transgenikoen bila soka eskuan, sokadun. Toga gorputzean, hirukornioa ariman. Toga, bestelako uniforme hartuta. Gauzak gauza, izan liteke oxigeno gehiago izatea gai organikoen trataera anaerobioko planta batean paradisuren batzuetan baino. Omen! Amen!

Eta euskaldunok zerbait badugu ezinbestekoa oxigenoa da, arnasgunean aritu, eta euskara, prefosta! Edo, erretratuko hori gogoan eta jenio biziaz esanda, prefostia! Pikutara! Eta barkatu nazatela piku jatorrek. Hortaz, nago ni, euskaldunontzat burujabetza ez dela behar politikoa, ez eta juridikoa ere, burujabetza, funtsean, osasun beharra daukagu! Eta soziala izatea, beharra duintzen duena! Bai, “EHxit” behar dugu, gorputzak hala eskatuta, buruak eta bihotzak beste; eta arimak egin dezala nahi duena, gorputzean ez dago eta!

Eta garen puntuan gara gaur, ez beste inon. Bai, geroa gaur ez da orain hainbat hamarkada uste genuen hura. Geroa gaur da, daukaguna eta falta zaiguna, atsegina eta desatsegina, ordenan nahasia, baldintza berrien sorleku.

Unean unekoa, eta orain futbol selekzioaren ofizialtasun eskea. UEFAn baino lehenago UEMAn sartu beharko, euskararen teilatua futbolarien pilotan egoteko… berdegunean, eta ahoan mikrofono aurrean. Horixe gola!