J.O.
Elkarrizketa
JOKIN ALTUNA
ASPEKO pilotaria

«Ez dut sentitzen txapela irabazi beharra dudala eta sentitu izan dut»

Buruz Buruko Txapelketako zauria sakona izan zela ezkutatu gabe, amezketarrak uste du dolua pasa duela. Horrelakoak ordaindu beharreko bidesariak direla ikasten ari ei da.

Nola sentitzen zara finalaren aurrean?

Ba gogo eta ilusio handiarekin, zaila ikusten nuen berriz ere finalera heltzea, ze txapelketa hasi zenean ukitu xamar nengoen, kosta egin zitzaidan buelta ematea eta ikaste prozesu horretan nengoen. Iruditzen zait ikasi egin behar dudala asko. Gauzak emozioz bizitzen ditudan pertsona eta pilotaria naiz. Garaipenak dituzunean beti errazagoa da, baina porrot mingarriak ditudanean ikasi behar dudana da azkenean oraintxe ikusi dudana, hurrengo helburuetan zentratu beharra daukazula, hori da eta hazten jarraitzeko metodorik onena. Garrantzitsuak izan dira oso aste hauek niretzat, eta, orain, ilusioz gainezka.

Buruz buruko finala bereziki jota amaitu zenuen...

Bai, asko. Gehien mindu ninduena izan zen txapelketa osoan horren ondo aritu eta finalean ez hemen ez han inon minik ez niola egiten ikustea, ez nuela nire onena eman eta horrek mina egiten dizu. Baina egia esan partidari bueltarik ez nion eman, segituan jarri nintzen berriz buelta eman beharra zegoela pentsatzen. Aste horretan partida bat jokatu nuen eta, egia esan, ez nengoen partida jokatzeko. Baina azkar ikusi nuen onena zela segituan beste txapelketa batean sartzea, lehiaketan sartuta klik egiten duzu, orain behin ere baino argiago ikusi dut. Adibidez bosgarren finala dut eta galdera asko ari zaizkit egiten bost final jarraian ez dituela inork jokatu, baina iruditzen zait lortu ditudan gauzei buelta asko emateak ez nauela inora eramaten eta porrot mingarriek ere ez.

Joko edo buru arazo bat izan zen gehiago?

Ez dakit, azkenean batetik berak ikaragarri jokatu zuen; aurkariari meriturik ez zaio kendu behar. Hortaz aparte, nik ez nuen jokatzen jakin. Baina inongo momentutan ez naiz damutu hori gertatu izanaz, mina egin zidan, baina hori gertatu bazen zerbaitegatik gertatu zen; hemen kasualitatez ez da ezer gertatzen eta ikasteko egun bat bezala ikusten dut nire ibilbidean. Nork daki, agian hemendik urte batzuetara, nahiz eta final hori galdu, agian gogoratuko dut nire ibilbideko momentu garrantzitsu bat bezala.

Lau eta Erdiko finala prestatzerakoan zerbait aldatu duzu edo antzera xamar?

Bueno, berdin xamar ez nuke esango. Momentu guztiak desberdinak dira, momentu hau niretzat oso garrantzitsua izan da, ilusio handiarekin nago eta irabazteko batere presiorik ez dut. Ez dut sentitzen txapela irabazi beharra udala eta nik uste batzuetan sentitu izan dudala hori, eta, alde horretatik, nahiko ondo aurkitzen naiz. Irabazi nahi badut, inoiz baino gehiago izan beharko dut eta horretan nago.