Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Uste Berri On!

Lasai ari naiz hartzen Gabonetako egunak, urteak dituen gainontzeko asteetakoak ez bezala. Telebistan diskurtso handirik ez denez, bada, lasai hartu! Eta oraindik ere egiteke dauzkadan gauzen zerrenda atera dut mahaiko paper-meta handi baten azpitik... Hortaz, idazten ez duten bolalumen bilduma egin dut, eta mahaian izan diren ia guztiak bilduta paperezko poltsatxo batean sartu eta etxe bueltan den boligrafo-ontzira bota ditut, behin tintaz beteak gerorako itun berriak izenpetzeko berrerabiliak izan daitezen. Ekonomia zirkularrak izkinarik ez duen seinale!

Behatzetako azazkalak mozteko ere hartu dut beta, ez baitut uste abiada honetan udara ailegatuko naizenik; izarak urratzen hasita nagoenez... Total, behatzen arteko materia grisa askatzeko ere aprobetxatu dut moztu-aldia, eta eskorga oso bat konpost-kutxara eroan ere! Eta ez dakit zergatik, behatzetan ari naizen bakoitzean zer eta monarkia gogora! Hor-konpost! Tira, harira! Galtzerdiak ere kajoiratu ditut pareka, nahiz eta beti geratzen diren baten batzuk solte, parekatu ezinik. Hainbeste teknologia 4.0 eta 4.0 oste, eta pare bat galtzerdi sartuta bakarra baino ez du ikuzgailuak bueltatzen! Nonbait teknologia hori «garapen kontzeptualean» da oraindik ere...

Ama, ama! Zer zaila den batzuentzat trantsizio energetikoa definitzea! Arau-borrokan sartuko ei da Eusko Alderdi Jaurlaritza Arabako gasa bai edo bai erauzteko temati... Batzuentzat paradigma aldatzea «digmarentzat» esatea da, eta akabo! Kontuak atera gobernantza zelan ulertzen duten! Bada bai, asko dago oraindik hiztegian birpentsatzeko, hitzontzi asko dabilelako politikaren orubetik... Datorren urtea da horretarako hurrengoa, eta nahi badugu ahalik eta ezusteko gutxien izan, ustea aldatzeko presta ditzagun burua eta eskua... «EHxit»-erako bidean, jakina! Hortaz, Uste Berri On!