Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

O Bella, ciao!

Pikutara Gabonak! Ciao! Urte berria etortzearekin batera sentitzen dudan poz bakarra zera da: Gabonak joan izana! Olentzero bera barne. Oso haserre nago ni pertsonaiarekin, biak bizardunak izanda ere; portzierto, nik ez dut erretzen. Harira demontre Murgoitio! Non nengoen? Bai! Olentzerorekin haserre. Urteak eman ditut gauza bera eskatzen… bat eta bakarra! Zorrotza ote naiz?… berriro erregerik ez ekartzeko, eta direnak behingoz eroateko… Ekialdera! Bada ez, urtero hortxe, gure hirietako kale nagusietan probokatzaile, gameluak azpian… Pikutara gamelu gainekoak! Noizko txertoa koroari aurre egiteko?

Azken batean, badirudi birusari aurre egiteko txertoa aurkitu dutela, bat baino gehiago aurkitu ere. Badakizu, botikan bezala, txertotan denetarik! Txerto-borroka! Eta burtsan industria farmazeutikoen baloreak igo. Kaleko esaerak dioenez: «Badago askoren gaitzetik datorren batzuen onik!». Bestera esanda. “Burtsa ala hil!” Izan ere, galdera ez da “Ekonomia ala osasuna?”, zein ekonomia baizik. Nork bere etxea ondo gobernatzeko artea ei zen ekonomia, hasieran; hara bueltatu behar!

Eta neguan negukoa, eta aurten jator dator. «Questa mattina mi sono alzato, O bella ciao...» eta txingorra topatu dut larrean, eta elurra mendi bizkarrean, eta hotza termometroan… Horrenbestez, ETBko edur-aldiko mapa Bella ekaitzaren ispilu. Eta haize erauntsiak, eta olatuak... olatuak edonon, itsasbazterrean hainbat metrotakoak eta prentsako orrietan hainbat datutakoak. Haiek lasaitu ederra hartuko bide dute Bella pasatu eta hurrengo ekaitza heldu artean, baina birus-olatuak auskalo ze bide hartuko duen, Gabonetako ospakizunen haizea baitu alde. Bai, Bellari ciao esango laster! Baina besteari? Jainkoak berak baleki! Dena dela, dudan nago ia pandemiaz beraz enteratua ote den. Amen!