Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Baietz, ezkurrak amets!

Ez dakit nondik hasi gaurko zutabe horizontala. Hain izan da makala astea! Hain aspergarria! Apenas berririk ez! Tira, kiroletan bai, batzuk kargugabetu, beste batzuk kargudundu … Albisteetan hotza. Baina hasi egin behar teklatua epeltzen! Urtarrilak urtero dakar berarekin maldan gorako aldapa, eta aurton kutsatze kurban ere igartzen da hori; Gabonak salbatu behar genituenez… Hortaz, pentsatzen hasita nago hasiak garela, behingoz, pandemia egoeratik ikasten, eta jada badakigu, jakin ere, aurreikuspenak egiten; Gabonak joanda olatu berria etorriko zela esan eta hara! Etorri badator! Bejondeigula! Profeta gara! Nahiz eta ezin esan “gure lurrean”, profeta izateko eskumena ez daukagulako…

Urtarrileko aldapa ere Bilboko Zabalburu plazarakoa, urtez urte, eta urte larregi dira honezkero, igo duguna senideen senideek eskubideak gogoan. Atzokoan, ostera, dispertsioan bete genuen hitzordua, herriz herri; uztarri berean, halere. Bidea gara eta bidean gagoz, etengabe urrats berrietan; aurtengoa azken egin dezagun. Hortaz, tradizio hartu diren batzuk hobeto historiaren idazleentzat utzi, alardeak eta guzti, gauza asko ezin baitira iraunkortasunaren izenean irauten utzi. Ez eta hurrik eman ere! Horra iraungipen-dataren ona, legeetan ere!

Tira, aurreikuspenen harira! “Meteo” eta ”klima” nahasten diren honetan, depresioak jota gagoz. Orain gutxi iparretik zetorren Bella, eta orain hegotik Filomena. Ni, behintzat, deprimitzekotan, gehiago deprimitzen nau hegotiko depresioak, datorren lekutik datorrelako; uniformatuak ikusten ditut elur-malutak, kateak nonahi, eta txioka uniformedunak… bertako Kapitolioa amets! Badakizu, txerri goseak ezkurrak… Hain denez zaila bereiztea show eta reality bera! Supremazs attacks! Zer interes izan dezakete martetarrek lurtarrongan? Hutsaren hurrengoa.