A.A.
GASTEIZ

Sektorearekin adostutako Euskal Artisten Estatutua

Artisten Estatutua kultura sektorearekin batera diseinatzeko lantaldea eratzea proposatu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean. Estatutu horren bidez arloko langileentzat arau-esparru bat eta jarduteko baldintza egokiak sortzea da helburua, eta hori erdiesteko sektorearekin elkarlana eta adostasuna lortzea ezinbestekoa dela uste du EH Bilduk.

Artearen eta kulturaren sektorean lanean dabiltzan profesionalek bizi duten erregulazio falta ez da ataka berria, baina pandemiaren eraginez inoiz baino ageriago geratu da arlo horretako langileen jarduna arautzeko beharra. Gogora ekarri besterik ez dago azken hilabeteetan sektoreko langileek (kulturgileak, artistak, teknikariak...) egin dituzten agerraldiak eta protestak, arlo zabal honetako langileak bizitzen ari diren babes gabezia plazaratzeko eta irtenbideak eskatzeko. Aspalditik datorren behar horri erantzunez, EH Bilduk proposamena aurkeztu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean, sektorearekin elkarlanean eratutako eta haien adostasuna lukeen Euskal Artistaren Estatutua sortzeko. Bereziki nabarmendu zuten puntu hau, lankidetzarena, baliagarria izan dadin ezinbestekoa ikusten baitute Estatutuaren diseinua kultura arloko profesionalekin batera egitea eta azken emaitzak haien onespena jasotzea.

Josu Estarrona EH Bilduko parlamentariak aurkeztu zuen proposamena Legebiltzarrean eta haren xehetasunak eman zituen ondoren, prentsaurrekoan. Xehatu zuenez, «hauteskundeetan hartutako konpromisoa beteta», legez besteko proposamen bat aurkeztu dute «Legebiltzarrak ponentzia bat eratu dezan Artisten, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Estatutua diseinatu eta onartzeko». Estarronaren hitzetan, elkarlanaren formula horren bidez kulturaren sektoreak prozesu horretan parte har dezala ahalbidetuko litzateke, «bai eta Estatutua elkarlanaren eta adostasunaren emaitza izatea ere».

Legebiltzarkideak gogora ekarri zuen Madrilgo Kongresuak halako prozesu bat burutu zuela eta egungo Artistaren Estatutu espainola «hilabete askotako lanaren ondorioa» izan zela, «eta hori da, hain zuzen ere, Legebiltzarrean planteatzen duguna, Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua aniztasun, parte-hartze zabal, elkarlan eta adostasunaren emaitza izan dadila, eta ez planteamendu bertikal bat», nabarmendu zuen.

Estarronak adierazi zuen Gasteizko Gobernuak erakutsi duela Artistaren Estatutu propioa sustatzeko borondatea, baina elkarlanaren inguruan ez dela ezer zehaztu salatu zuen: «Ez du inolako mekanismorik planteatu horren diseinua sektorearekin batera, elkarlanean, zehazteko», azpimarratu zuen.

Sektorea, elkarlanerako prest

Estarronak argi du une honetan baldintza guztiak daudela EH Bilduk proposatu duen lantaldea martxan jartzeko, eta hala adierazi zuen atzoko aurkezpenean. Batetik, Gobernuan dauden alderdiek Estatutuaren beharra dagoela ikusten dutelako eta, bestetik, sektoreak elkarlanerako prestasuna erakutsi duelako: «Kultur ekosistemako eragileak prest daude parte-hartze zabala bermatuko duen espazio batean ekarpenak egiteko». Hala, lanbide artistikoek dituzten berezitasunak aintzat hartuta, Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua onartzea behar-beharrezkoa dela esan zuen Estarronak. «Behin-behinekotasunak, aldizkakotasunak, heterogeneotasunak, proiektuetan oinarritutako sektore bat izateak eta sortze prozesuaren emaitzei buruzko ziurgabetasunak, besteak beste, zailtasunak dakartzate egungo legegintza-esparruan garatzeko. Kultura eta sormen arloko profesionalek eta enpresek baldintza egokiak behar dituzte; alegia, sorkuntza ahalbidetu eta erraztuko duen arau-marko bat, gutxieneko lan-baldintzak ezarriko dituena, babes soziala emateko esparrua egokituko duena, erretiro-prestazioa eta egile-eskubideengatiko diru-sarrerak bateragarri egingo dituena, fiskalitatea moldatuko duena, finantziazioa erraztuko duena, euren lana zabaltzeko eta nazioartekotzeko aukerak areagotuko dituena, kontratazioak erregulatuko dituena», azaldu zuen.

Kongresu espainolak duela gutxi onartutako Artistaren Estatutu Berriak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eragina izango duen arren, Estarronak ezinbestekotzat jo zuen artisten euskal estatutu propioa garatzea, «hemen ditugun eskumenak baliatu ahal izateko, zerga politika arloan, esaterako».