Jon ORMAZABAL
PILOTA

Garaipen ez biribila eta esperantzarako porrota

21-16 aurreratu baziren ere, azkeneraino sufritu behar izan zuten Jaka-Martijak lehen puntua eskuratzeko.

JAKA-MARTIJA 22

EZKURDIA-GALARZA 21


Nahi baino gehiago sufrituta lortu zuten Jaka eta Martijak Binakako txapelketa honetako euren lehen puntua, partida oso gorabeheratsu batean Ezkurdia-Ladis Galarzari tanto bakarreko aldearekin gailenduta. Garaipenak ziurra zirudien 17-10 eta 21-16 aurreratu zirenean, baina bikote nafarrak ez zuen amore eman eta gauzak ikaragarri zaildu zizkieten partida 21-21 berdinduta. Erik Jaka, ordea, ez zen kikildu azken tanto horretan, gantxo bikain batez Ezkurdia zabalean behartu eta txokoan lortu zuen garaipenaren tanto erabakigarria.

Ez da maiz gertatzen, baina partida amaieran bi bikoteek zituzten pozik eta kezkatuta egoteko arrazoiak. Txapelketa batean garaipena izaten da ia helburu bakarra eta hura eskuratuta lasai joan ziren etxera Lizartzakoa eta Etxeberrikoa, nahiz eta nahi baino gehiago sufritu behar izan zuten partida ixteko. 22ra heldu ezinik, ezin gustura egon Ezkurdia eta Ladis Galarza, baina batez ere partidaren amaieran, orain arte ez bezala, lehiakorrak izan ziren nafarrak, bikote bezala jokatzea lortu zuten eta oraindik geratzen den guztiari begira esperantzarako bide bat ireki dute.

Oro har, presaka

Oro har, presaka jokatutako partida ero batean, Julen Martija izan da gorrien garaipenari beharrezko pausa jarri dion pilotaria. Unerik txarrenean, partida 21-19 zela, egin du partidako bere huts bakarra atzelari nafarrak, pilota bat goiko koltxoira botaz, baina lehia osoan zehar sekulako bermea eman dio Erik Jakari eta hori gauza handia da horrenbeste arrisku hartzen dituen pilotari batentzat. Tarteka eskuina erreta zuen itxura eman du lizartzarrak, baina ausart aritu da eta ausardia horrek azkenerako saria izan du azken tanto bikain horrekin.

Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak, euren aldetik, askoz gorabehera gehiago izan zituzten partidan zehar eta azkenerako ihes egin zien une batean behintzat eskuetan ikusi zuten lehen puntu desiratu horrek.

Partidak hiru fase nagusi modukoak izan zituen, hirurak urdinek egindako akatsek baldintzatutakoak, hein handi batean. Zabalera ihes egindako pilota batekin eta erantzun gabeko sake batekin, ez zuen partida ondo hasi Ladis Galarzak, baina lehiarik handiena aurreko koadroetan jokatu zen gehienbat eta Joseba Ezkurdia gai izan zen partida lehen erdi horretan orekatuta eta aurretik zirela ere mantentzeko (7-9).

Hortik aurrera, ordea, gauzak asko zaildu zitzaizkien nafarrei. Hutsen emaria geratzea lortu bazuen ere, Ladis Galarzak ez zion erabateko bermerik eman Ezkurdiari, Jakari erasorako aukerak emanda, Arbizukoa presaka antzean aritu zen eta Jaka-Martijak, sendo agertuz, ez duten markagailuan ihes egiteko aukera alferrik galdu (17-9).

Pilotak, ordea, gastatu egin ziren eta lurrean gutxiago ibiltzen zen batekin askoz erosoago aritu zen Baraibarreko atzelaria, erabakita zirudien partidaren norabidea erabat aldatuz. Agintzen hasi zen Galarza, Ezkurdiak aukera hobeak izan zituen aurrean eta, inork gutxik espero zuenean, partida (21-21) orekatzeko gai izan ziren. Ez zuten punturik lortzerik izan, baina gutxienez euren jokoak nondik joan behar duen ikusteko modua izan dute.

Atzokoa sailkapeneko zulotik ihes egiteko partida bazen, gaur Azpeitian lidergoa egongo da jokoan, bi partidak irabazi dituzten Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrenaren artean.