Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

ETAren bide luzea, «Arroz urez» eta esperientzia pertsonaletik idatzia

ETAren sorrera eta amaiera arteko bidea kontatzen du autobiografiatik asko duen Mikel Antzaren lanak. Euskal Herriak ikusezin gorde behar izan dituen hainbat pasarte agerian geratuko dira, betiere izenburu duen «Arroz urez» eta lerroartean idatziak. Burgosko Prozesua du aitzakia eta hari, eta bertan protagonista izan ziren hainbaten testigantzak jaso ditu, Euskal Herriko gatazkaren atzeko oihal gisa erabili eta azken hamarkadak biltzeko.

gara-2021-03-02-Noticia

Burgosko Auzia hari edo aitzakia hartuta, ETAren hasiera bat eta bukaera bat dakar Mikel Antza idazleak, bere biografiarekin zerikusia duena. Txalaparta argitaletxearen eskutik, bere bizipenetan oinarritutako hausnarketak eta gertaerak bildu ditu “Arroz urez” lanean.

«Liburu arraroa atera zait», aitortu zuen Antzak atzo Iruñeko Karrikirin egindako aurkezpenean. Bere hitzetan, trilogia baten azken alea izango da lana; martxoaren 20an Bilboko Loraldian antzeztuko den “Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia” da lehen alea eta GARAren eskutik idatzitako “Burgosko auzia. Iraultza eta bizi” komikia, bigarrena.

Izan ere, komiki hartatik ernatu da lana. «GARA egunkaritik proposamen bat iritsi zitzaidan komikiaren gidoia egiteko eta eranskin bat sartu behar genuen Burgosko Auzia zer izan zen azalduz. Eranskin hori egiten hasi nintzenean ohartu nintzen nire biografiak auziarekin bazuela harreman berezi bat eta eranskina potolotzen joan zen, komikian ez sartzeraino. Liburu forma hau hartu du».

Prozesua bera bezala, izenburua ere «arraroa» dela dio Antzak, baina badu azalpenik. «Adin batetik aurrera eta gatazkarekin lotura duen jendeak segituan ulertuko du esanahia. Liburuaren lerro artean arroz urez asko dago idatzia. Asko kenduta, eta asko ez dut idatzi, ezin delako idatzi». Ez du gatazkaren generoan aditu bihurtu eta sakontzeko gogorik, ez eta «munizio» gisa erabiltzea nahi ere. «Nik bizitakoa kontatu dut». Ahal izan duenera arte, baina «autozentsuratik aldenduz», beharrezko «diskrezioa» nabarmenduz.

«Gauza batzuk ezin dira esan»

Horretarako, GARAn Miguel Castells Burgosko Prozesuko abokatuari egindako elkarrizketa ekarri du gogora. «Duela 50 urte, Burgosko Auzian, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen genuen. Ez gara independenteak eta ez dugu sozialismoa lortu, ETA erakundea desegin da, 200dik gora preso daude. Zer irabazi dugun galdetu nion. Orduan esan zidan galdera hori erantzuteko, lehenbizi, Audientzia Nazionala desagertu egin behar dela. Ez dago azaltzerik nola iraun duen ETA erakunde batek hainbeste denboraz Europan, estatu boteretsuenen aurka eta kasu bakana izanda mundu osoan. Azalpena egiten hasten banaiz, kartzelara noa. Ez da autozentsura, arroz urez idatzitako zerbait da. ETA erakundean militatu dutenek badakite gauzak batzuk ezin direla esan eta ez direla esan behar». Euskal Herriak ikusezin gorde dituen hainbat pasarte agerian geratuko dira irakurlearentzat.

Mikel Antza donostiarra 2004an atxilotu zuten eta 14 urtez egon zen preso, 2019ko urtarrilean aske geratu arte. Urtebete beranduago, pandemia iritsi, eta honek ere zerikusi handia izan du lanaren idazte prozesuan. «Pandemia garaian galdu nuen bizipoza neurri handi batean itzuli dit liburuak».

Bere hitzetan, prozesua «erabat organikoa, bizia» izan da. «Intuizio batetik abiatu nintzen eta konturatu nintzen Burgosko Auziarekin banituela lotura pertsonal batzuk, eta azkeneraino atal batzuek ez dute beren forma hartu». Garazi Arrula Ruiz, Txalapartako editorearen esanetan, lana «ETA erakundearen hasieratik bukaera arteko kontaketa bat da, Mikelen buru-gorputzetik iragazia».

Txabi Etxebarrietarekin hasi eta tia Luzirekin bukatzen du Antzak idatzi pertsonal hau. Tartean, beste hamaika izen esanguratsu eta horien testigantzak atzeko oihal gisa josiz.