Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Atzo da gaur

Atzo izan zen martxoaren 3a eta berriro ere begiak malkoz bete zitzaizkigun, 1976. urte hartan Gasteizko kaleak odolez bete ziren moduan.

Urtemugaren aurreko egunetako argazkia ezberdin samarra izan da aurten, eta ez naiz pandemiak eragindako egoeraz soilik ari. Orain arte agertu ez diren zenbaitek agertu nahi izan dute bertan. Ongietorria emango zaien arren, hurbilketak ezinegona eragin du halabeharrez. Izan ere, orain arte jazotakoari muzin eginez edo erantzule politikoekin nolabaiteko konplizitatez jokatu dutenek protagonismoa hartu nahi izan dute.

Oker dira gure haserrea ulertezina dela diotenak. Justizia eta erreparazioa eskatzea mendekua eskatzetik urrun dago. Memoriak historia justuago bat eraikitzeko balio behar digu, gertatutakoa ez errepikatzeko. Ikastean datza memoriaren garrantzia, ez oroimen hutsean.

Memoria ganoraz egin ahal izateko, ezin da ukatu aurrerapausoa dela Nafarroako Parlamentuak Mikel Zabalzari buruz aho batez hartutako erabakia. Baina aurrera begirako konpromiso irmoak ere beharrezkoak dira.

Kaleak eta plazak bete izan diren bezala, zinema aretoak ere betetzen ditugu, dela Gasteizen, dela Iruñean. Horrela, memoria ariketa bat egiten ari garen bitartean, begiak itxi eta beste aldera begiratzen duten horiei, mendekurik ez, baina ez dugula ahaztuko gogorarazten diegu.