Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Magdalena Gorzkowska, atletismotik zortzimilakoetara

K2 mendia neguan igotzen saiatu den mendizale poloniarra 4x400 metroko munduko txapeldunorde izan zen duela bost urte eskas. Egun, berriz, zortzimilakoak ditu helburu, eta dagoeneko Everest, Makalu eta Manaslu igo ditu. K2n hirugarren kanpalekura heldu zen.

Magdalena Gorzkowskaren kasua berezia, bitxia da oso. Azken bi hilabeteotan K2 edo Chogori mendia (8.611 m) neguan igotzen saiatzen ikusi dugu. Zortzimilakora Seven Summit Treks agentziaren eskutik hurbildu zen helburu oso zehatz batekin: munduko bigarren mendi garaiena neguan eskalatzen lehen emakumezkoa bihurtu nahi zuen. Nolabait esatearren, “lehiakide” indartsu bat zuen alboan: Tamara Lunger. Bada, ez batak ez besteak ez du jarritako helburua betetzeko modurik izan.

Gorzkowskaren kasuan aurreratu behar dugu azken urteotan “birmoldaketa” betean buru belarri sartu dela. Izan ere, atletismoan sona izatea lortu zuen alpinismoan murgildu aurretik. Batez ere 400 metroko lasterketetan lortu zuen ospea. Junior mailan domina bat baino gehiago irabazi zituen, baina, zalantzarik gabe, bere ibilbidean gehien markatu zuen lorpena 2016an erdietsi zuen Portlanden (AEB) jokatutako Pista Estaliko Munduko Txapelketan. Bere herrialdearekin, Poloniarekin, 4x400 metroko txandakako lasterketan zilarra lortu zuen.

Atletismoan ibilbide oparoa egiten ari bazen ere, pistak alde batera utzi eta alpinismoan buru belarri sartzea erabaki zuen poloniarrak: «Zalantzarik gabe, alpinismoak emozio positiboagoak eta esperientzia zirraragarriagoak eskaintzen dizkit. Ezin dut ezkutatu: korrika egitea oso monotonoa eta aspergarria da».

Gorzkowskak igo zuen lehen mendi garaia Mont Blanc izan zen. Ondoren, Aconcagua eta Kilimanjaro iritsi ziren. Baina urrats gehiago egin nahi zituen, eta, 2018an, Everest igo zuen. 26 urte eta 17 egun zituen munduko mendi garaienaren tontorra zapaldu zuenean. Horri esker, Everest eskalatzen Poloniako emakume gazteena bihurtu zen. Jarduera horretan oxigeno artifiziala erabili zuen. Oxigenoa erabiltzeari uko egin zion Makalu eta Manaslu igotzeko. Bi zortzimilako horiek duela bi urte igo zituen.

Hamalau zortzimilakoak igo nahi dituenez, aurtengo neguan proiektu zinez anbiziotsuan sartu zen. Baina K2 mendian muturreko eguraldia aurkitu zuen. Tontorreko ekinaldia egin zuen, baina, hirugarren kanpalekuan zela, atzera egitea erabaki zuen.

Itzuli egingo da

Dagoeneko, etxean da. Gorzkowskak aurreratu duenez, fisikoki ondo errekuperatu da, baina bestelako ondorio batzuk gainditzen saiatzen ari da. Azpimarratu nahi izan du K2n bizitakoak mendizale gisa aldatu duela. Bederen, beste modu batera begiratzen dio orain alpinismoari. «Aurretik hiru zortzimilakotan egona nintzen, eta guztietan ala guztietan gailurra egin nuen. Azken espedizio honetarako bikain entrenatu nintzen, fisikoki zein mentalki. Adibidez, nire termorregulazioa hobetzeko ur hotzean bainuak hartu nituen. Horrez gain, neguko zortzimilakoetan eskarmentu handia duten mendizaleekin hitz egin nuen. Hori guztia esan ondoren, onartu behar dut muturreko hotza ez zela eragozpena izan; horretarako prestatuta nengoen. Ez, ordea, K2k neguan aurkezten duen aurpegi basatiarekin. Akats txiki batek heriotzara eraman zaitzake. Eta hori bost mendizalerekin gertatu da. Egoera latz horietarako prestatuta egotea ezinezkoa da. Uneotan jasandako zauri psikologikoak ixten saiatzen ari naiz».

Hala eta guztiz ere, Gorzkowskak aurreratu du ez duela etsiko eta zortzimilakoak igotzen jarraituko duela: «Orain segurtasunak duen garrantziaren kontziente naiz. Segurtasunak lehentasuna izango du aurrerantzean niretzat, ez gailurrak. Zortzimilakoak azkar eskalatzea zen neure helburua, besteak beste, espedizioak lotuz. Baina asmo hori baztertu egin dut».

Azkenik, mendizale poloniarrak aurreratu du K2ra itzuliko dela. Hori bai, ohiko denboraldian, udan, izango da.