Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Eguraldi-emakumeak

Lan munduan oso jakina da emakumeak oraindik ere bizi duen egoera zaila. Zapalkuntzaz eta oztopoz betea. Non beraien lana itzalpean egon izan den urte luzez. Meteorologia munduan ere, eman dira horrelako egoerak eta, nahiz eta azken urteotan egoera hobetu, badago zer konpondu.

BENIAC, ekuazio matematikoak osatu eta eredu meteorologikoak garatzeko lehen ordenagailua, bi ingeniarik diseinatua izan zen: John Presper eta John William Mauchly, hain zuzen. Baina bere eraketa eta martxan jartzea, sei emakumeren esku egon zen. Hala ere, meritu osoa gizonezkoek eraman zuten.

Garrantzitsua izan zen oso Klara von Neuman hungariarraren lana ere. Dinamika atmosferikoaren ekuazioak ordenagailuan txertatu eta lehenengo iragarpenak ordenagailuz egitea, bere meritua izan zen. Baina kasu honetan ere, meritu osoa bere senarrak eraman zuen.

John Tyndall irlandarra izan omen zen berotegi efektuaren aurkitzailea. Baina, benetan, Eunice Foote estatubatuarra izan zen aurkitzailea.

Manola Brunet geografo espainiarra ere aipatu behar da. Bera baita klimatologia gaietan ikertzaile nagusienetako bat. Gainera, bera da Munduko Meteorologia Erakundeko Klimatologia batzordeko presidentea.

Argi ikusten da, beraz, emakumeek paper zinez garrantzitsua izan dutela meteorologian ere, eta badela garaia benetan merezi duten aitortza eman eta beraien lana txalotzeko.