Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zer ez dakigun jakingo bagenu

Ama, ama! Sasoia gero, betea! Erriberan orburua biltzekoa, kasurako. On egin diezaiola, lurrari! Orburuan behintzat badakigu burua non den: hor! Baina agintari batzuen kasuan ez da hain erraza jakitea non duten, burugogor ari direla esatetik haratago. Hortxe ari dira, temati, setatsu, edo bietan jarrai, Arabako lurretan gasaren uzta bildu nahian, balizko trantsizio energetikorako ustezko gas-bide gezurrezkoa. Argituko balute sikiera nondik norako trantsizioa duten buru… gogorrean.

Are gehiago, argitzen hasita gaur eta hemen “normaltasun berri” hura zertan den argituko balute! Euskalteleko berritik haratago argitu ere! Eta bitartean hor dago, birusaren kurba eguneratua, Itzuliko azken mendi etapa luzearen soslaia balitz bezala, goranzko lautadak nagusi…

Eta txertoez ari naizela, zer esango luke gaur seneko Seneka zen hark Zeneka horren inguruan zabaldu den kristoari buruz? «Astrakeria!», edo horren gisakoa, seguruenik, euskara traketsean. Ni ez naiz hura, bistan da, baina bat egiten dut harekin: «dakidan bakarra da ez dakidala ezer», pandemiaz ari naiz, jakina, eta horretaz baino ez orain.

Bada bai, hola sentitzen dut goizero altxatu orduko, gaur nork-zer-non-zelan lanera joan aurretik ezagutu minean, jakinda ere bueltarako neurriak bestelakoak izan daitezkeela… Zer ez dakigun jakingo bagenu behintzat! Gaitz erdi!

Eskerrak Groenlandian ezker independentistak irabazi dituen hauteskundeak. Metal arraroek segituko dute lurpean, ama-arrokaren altzoan, gasaren ondoan. Arraroak, berez, lurgainean dira. Eta hara! Pariseko Asanbleara ondoko Sena ibaiko ura heldu da, Senatura ere heldu sena, salbuespenez, eta hizkuntza gutxituak hezkuntzara! Gora “ñ”! Semea banu Ñimiño deituko nuke, nahiz eta Euskal Teameko saskibaloiko erreboteen maisu izateko jaioa izan! Zer demontre!