Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Aire girotuan ez da giro!

Kobazuloak albiste egunotan gure inguru hurbilean. Batean aurkitutako mamuten gorpuzkiak laborategian aztergai, ea orain 30.000 urteko gure asaba zaharrak haien ehiztariak ote ziren jakin-minez. Mamuten ondorengoak ere jakin-min izango dira honezkero, seguruenik. Izan ere, historia denona balitz ere istorioak nork bereak, seguru! Eta beste kobazulo batean zer eta Neandertalgo gizakien DNA aztergai, laborategian ere, jakina, nondik eta koban hartutako sedimentu-laginetatik. Gaurko sedimentuak iraganean izandakoaren biltegi diren seinale. Etorkizuneko sedimentuak gure gaurko bizimoduaren arrasto-leku izango diren seinale, plastiko-leku, beraz. Antropozenoa omen da hori; anpotrozenoa ere, genero-biolentziari erreparatuta.

Koban ez, baina zuloak azken batean. Ama, ama! Zenbat aldatu den zulo berbaren adiera! Lehen behin-behineko tangak ziren, ezkutukoak; orain pilota ofizial bat sartzeko helburuz eginda, seinaleko banderatxoa eta guzti. Zenbat kalte egin duen golfak lurreko zoruetan, edo, orain esaten den moduan, hirigintza proiektuetan! Kontuak atera! Belarra zen lekuan soropila jarri! Ene, ene! Zenbat caddy transgeniko, publikoaren administrazio-bulegoetan! Baztangoa gogoan.

Pazientzia? Ez dakit ba, horrek ere muga beharko luke, ezta? Mundu finitu batean behintzat! Salbuespena Ajuria Eneko maizterrarena da, politika klinikoan aztergai hau ere. Ez du ba orain gutxiko gutun irekian esan «Herritar guztiekin partekatzen dut nire ustea: pazientzia eta iraunkortasunarekin lortuko dugu». Amen! Iraunkortasunak pazientziaren bidetik etorri behar badu... zertan da aldarrikatzen duen trantsizio zer horrena? Bero giroko mamutez beteko da Euskal Herria eta jeltzaleek Gernikako Estatutuaren azken eskumenak negoziatzen segituko dute... Lakuako kobazuloan eta aire girotuan segitu ere! Horixe dute giro!