Jon ORMAZABAL
ZARATAMO
Elkarrizketa
DANEL ELEZKANO ETA JOSE JAVIER ZABALETA
ASPEKO PILOTARIAK

Karrankarik gabeko konexioa

Azken urteotan Binakako Txapelketako pilotaririk erregularrenetako bi dira Danel Elezkano (Zaratamo, 1994) eta Jose Javier Zabaleta (Etxarren, 1991). Hirugarren finala izango du igandekoa aurrelariak eta txapel bat du lortua –2019an Rezustarekin–. Atzelariak, berriz, laugarren finala du eta bi txapel jantzi ditu jada –2013an Martinez de Irujorekin eta 2018an Ezkurdiarekin–.

Pilotak frontisaren aurka jota eta tantoren bat galdutakoan pilotariren batek madarikazioren bat botata baino urratu ez den isiltasunaren Binakako Txapelketa honetan, Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta bezalako bi pilotari apal eta karrankarik gabeek euren jokorik onena ateratzeko ekosistemarik onena topatu dute, nahiz eta igandean asko botako dituzten faltan txapelketa gozo honetan, baina batez ere unerik txarrenetan, ondoan izan dituzten gertuko horiek. Zientziaren arabera, kontrako poloak dira elkarren artean erakartzen direnak, baina gure kirolarekiko pasio bera duten hitz gutxiko bi pilotari handiok arrakastatik pausu bakarrera dagoen zaratarik gabeko bikotea osatu dute.

Hauxe izan da Zaratamoko aurrelaria eta Etxarrengo atzelaria elkarrekin aritu diren lehen Binakako Txapelketa, baina euren arteko harremana ez da berria eta azken urteetan euren ibilbideak nahikoa paraleloak izan dira. Are gehiago, Danel Elezkanok oso oroitzapen politak ditu elkarrekin aritu ziren lehen aldi hartaz. 2016ko Bilboko Aste Nagusian izan zen, Zaratamoko aurrelariaren ibilbideak inflexio puntu bat izan zuenean. «Ni Asegarcetik nentorren, ez nengoen oso ohituta halako partidak jokatzera eta Josek asko lagundu zidan. Torneo oso polita irten zitzaigun eta irabazi egin genuen. Gogoan dut apur bat urduri ere banengoela», gogoratu du bizkaitarrak.

Ordutik aurrera, atzelari nafarra kontran izan du Elezkanok jokatutako bi finaletan. «Orain arte ondo banatu ditugu txapelak, bakoitzak bana. Orain batera irabaztea tokatzen zaigu», gaineratu du Zabaletak.

Lehen aldi horren ostean bien arteko konexioa ia erabatekoa izan zen. «Nahikoa antzekoak gara, biak gara pertsona lasaiak, gauzak ondo egitea gustatzen zaigu eta alde horretatik bai garela nahiko antzerakoak», dio “perfekzionista” hitzak gehiegi betetzen ez duen Zabaletak. Hori bai, ezin du ukatu biek asko entrenatzeko duten beharra. «Bai, gaur bertan Danelek asko entrenatu dudala esan dit», onartu du atzelariak, perfekzioaren etengabeko bilaketa horretan batere nagirik ez duen beste batekin, Jokin Etxanizekin, igandera begira azken saio gogorra egin eta ordu gutxira.

Elkarrengandik gertu bizi ez diren arren, lesioak lagun, ia astero elkarrekin entrenamendu bat egiteko aukera izan dute eta horrek asko lagundu omen die finalerako bidean. «Kantxatik kanpo harreman ona izatea funtsezkoa da halako txapelketa luze batean, batez ere, batak besteari gauzak zelan ikusten dituen esateko konfiantza izateko eta zerbait txarto doala ikusten duzun momentuan aldatzeko eskatzeko», azaldu digu txapelketa hasieran bere jokoak oldarkorragoa behar zuela konturatu eta aurrerapauso bat eman zuen Elezkanok, nahiz eta bere atzelariaren nagusitasuna nahikoa zen puntuak batzeko.

Faborito izatearen zama

Txapelketa aurkeztu zen egunetik bertatik, txapela janzteko faborito nagusien zerrendan lehendabiziko tokian ageri ziren Elezkanoren eta Zabaletaren izenak. Partidak jokatu ahala, gainera, faborito txartel hori gero eta nabarmenagoa izan da.

«Guk ez diegu gauza horiei kasurik egiten, lehen ere asko izan dira oso faborito izan eta txapelik jantzi ez duten bikoteak, edo finalera heldu ere egin ez direnak. Azkenean polita da gauza horiek entzutea, ongi ari garen seinale da, baina guk gure bidea egin behar dugu», dio Jose Javier Zabaletak.

Zabaleta bera izan da, ezbairik gabe, azken lau hilabeteetan laudorio eta titular gehien bildu dituen pilotaria. Posible da zurrunbilo horretatik kanpo geratzea, are gehiago sare sozialek eta albisteen biralizazioak horrenbesteko indarra duten garaiotan? «Niretzat bai, ez daukat halakorik ezer, gauza gutxiz enteratzen naiz eta horrek niri on egiten didala uste dut».

Hori bai, ezin du ezkutatu azken urteotan kantxan izugarri disfrutatzen ari dela. Hala ere, etxarrendarrak ere izan zuen bere inflexio puntua, zehazki, 2015ean, orkatilako eta eskuko lesioengatik ia 11 hilabete kantxetatik kanpo eman zituenean. Orduan jo zuen, bere fisiko pribilegiatua osatzeko, Iñaki Barbajerorengana eta ordutik honek Ororbian zuzentzen duen taldearekin egiten du prestakuntza fisikoa. Lan hori funtsezkoa izan omen da azken urteetan izan duen garapenean, Jokin Etxanizekin egindako teknifikazio lana inondik inora ahaztu gabe. «Hemen profesional guztiek lan asko egiten dugu, ez dago beste biderik».

Detaileek sekulako garrantzia hartzen dute elitean eta etxarrendarrak badu beste sekretu txiki-handi bat. Jokin Altunarekin hitz egin ostean, berak ere partidak lentillekin jokatzen hastea erabaki zuen, eta hobekuntza nabarmena izan zuen. Gogoan du oraindik, ikusmena begiratzera joan eta nola esan zioten ea pilotan «a vista o a oído» jokatzen zuen, zeukan miopia dela eta. «Esango nuke azken bi urteetan eskailera bat igo dudala lentillekin jokatuta. Lehen segun ze frontoitan, pilota ez nuen berdin ikusten; batzuetan kosta egiten zitzaidan pilota ikustea eta orain askoz erosoago nago frontoian. Horrek konfiantza ere ematen dizu pilota jotzerakoan», gaineratu du.

Bromak, Danelek

Eta bien arteko desberdintasunengatik galdetzen hasita, kosta zaie pixka bat, baina azkenerako Jose Javier ausartu da onartzera; «txantxak egin eta adarra jotzea Daneli gustatzen zaio gehiago, horrekin disfrutatzen du». Berari, hortaz, trufa horiek jasatea tokatzen zaio, baina aurpegian nabari zaio gustura egiten duen zerbait dela hori ere.

Baina umoreak eta seriotasunak ez dute zertan elkarren kontra egon, are gehiago, askotan oso lotuak izaten dira. Hala, Zaratamoko zelai batean eserita izandako elkarrizketa sosegatuak agerian utzi du Danel Elezkanoren beste bertsioa, pausatua, gogoetatsua. 2019an Beñat Rezustarekin txapeldun izan ostean iazko Binakakoan enpresak txapelketatik kanpo utzi eta gero aurtengo edizioa beretzat azterketa moduko bat ote zen galdetzean, lehen aldiz irten da Danel Elezkano burutsu hori. «Ez dut horrela ikusi nahi. Nik esan nuen bere egunean niretzat kolpe handia izan zela, saiatuko nintzela hori ere ikasketa prozesu bat bezala hartzen, eta uste dut gauza asko ikasi ditudala. Batez ere, ikusi nuen momentu gogorretan ilusioa eta entrenatzeko gogoa ez zaizkidala faltako. Hori da gehien gustatzen zaidana eta ikusi nuen horrek berdin jarraituko duela, gogo eta ilusio berarekin, edo gehiagorekin, jarraitu nuen. Baina baneuzkan nire zalantzak psikologikoki nola erantzungo ote nuen», azaldu du.

Baina batez ere inguruko jendea –familia, bikotekidea, lagunak– halako momentu gogor batean horren gainean izateak asebete du bizkaitarra. «Horrek oso zoriontsu egiten nau eta, final honetan, aurrekoetan bezala, jende hori frontoian egotea asko gustatuko litzaidake. Zoritxarrez ez da posible izango eta pena ematen dit, izan ere, finalean egotetik, inguruko jendea disfrutatzen eta ilusioarekin ikusteak pozten nau gehien».

Ez dira gertuko horiek Zaratamokoaren esker hitzak merezi dituzten bakarrak. «Esan nuen bere egunean erabakia errespetatzen nuela, ados egon edo ez, eta ni oso pozik nagoela eta asko dudala Asperi eskertzeko; lehen egunetik nola hartu ninduten, frontoian gaudenetatik hasi eta bulegoan lan egiten duen talde guztiraino. Oso pozik nago bere egunean nigan jarri zuten konfiantzagatik eta jasotako tratuagatik».

Balioak

Aitor Erauzkin eta Volker Tarnow ditu zaratamoztarrak gorputza zaintzeko lagunak, baina burua lantzeari beste horrenbeste ordu eta mimo eskaintzen dizkio. Enpresa ikasketak egin zituen bere garaian Sarrikon, eta, ingelesaz gain, beste zenbait master ere amaituak ditu, baina sekula ez dio ikasteari utzi.

«Beti gustatu izan zait ikastea. Ondo eman zait eta denbora ere izaten dugu. Gustura egiten dudanez ez zait kostatzen. Aurten graduondoko txiki bat egin dut, haurrei eta nerabeei tratu ona ematearen inguruan, batez ere kirolaren inguruan, eta asko gustatu zait. Gauza asko erakutsi dizkit, positiboak eta, batez ere, txarto egiten direnak. Eta uste dut kirolean gauza askori eman beharko litzaiekeela buelta bat. Askotan irabazteari edo galtzeari, ondo edo txarto jokatzeari ematen zaio garrantzia, eta uste dut beste gauza asko ahaztu egiten direla, umeentzat eredu izan beharko liratekeenak. Ez dugulako ahaztu behar kirola ere balioak transmititzeko tresna ikaragarria dela, eta sarri ez dela kontuan hartzen. Niretzat horrek balio handia dauka, balio onak erakustea eta errespetua izatea bikotekideari, aurkariari, epaileari eta, batez ere, pilotazaleei. Halako gauzak askotan ahaztu egiten dira, ez zaie garrantzirik ematen eta niretzat beste edozein partida irabaztea edo ondo jokatzea bezain garrantzitsua da gutxienez».

Hori bai, burutazio hauek ez diote batere lehiakortasunik kentzen Elezkanori eta igandean txapelaren bila irtengo dira bera eta Zabaleta, nahiz eta ondo baino hobeto jakin Peña-Albisuk oso zail ipiniko dizkietela gauzak. Jokatutako azken finalekin alderatuta, aurten lan gutxi dute lagunen artean sarrerak banatzen edo final osteko ospakizuna elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik egingo duten eztabaidatzen. «Ez dut uste horretan oso desberdinak garenik, biok ere nahiko lasaiak gara eta ez dakit. Nik behintzat ez dut uste ezer berezirik egingo dudanik. Egia da asko zaintzea tokatu zaidala, etxean ere pertsona nagusiekin bizi naiz, asko zaindu naiz eta orain ere hala jarraitzeko unea da eta ez dakit zer esan», amaitu du Danelek, bere atzelariak buruarekin berretsita.