Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Alarma joan, egoera geratu

Azken egun hauetan Obelix izan dut gogoan, aspaldiko partez. Zintzoa gero galiarra! Tira, harira! Kezkatuta ibiltzen zen batzuetan, herrixkaren bueltan basurdetan zebilela, zerua gainera eroriko ote zitzaion beldur, edo. Ni ere hola ibili naiz aste honetan, gaur hasita zer gertatuko ote zaigun kezkatsu. Euskaldunon akabera, akaso? Inoiz ez dut hain gertu sentitu munduaren azkena. Eta egiari zor, gehiago kezkatzen nau horrek jelkideak eta jeltzaleak oposizioan ikusteak baino. Amen! Baina azkenean argia ikusi du tunelak, argi transgenikoa ikusi ere, eta tunela auskalozkoa. Aspaldiko partez urteko ardo beltza edango dut herriko kiroldegitik iluntzean aterata. Amen, berriro!

Nire txamarraren poltsikoek arindu ederra hartuko dute bihar, hemengo epaitegiko epaileen hango legepeko epaiari esker! Epa! Akabo mugitzeko baimen orria, akabo neurri behartuen katalogoa… akabo birusa! Hango legea da geratzen zaiguna. Alarma joan da, egoera hemen utzita. Ko-gobernantza halakoa! Halaxe irakurri nuen atzoko egunkarian Jaurlaritzaren orri osoko proposamen-iragarkian: «Auto-erantzukizunerako garaia da». Ama, ama! Hamalau hilabete pasatuta, «aginte bakarra» zertan den ikasteko aukera paregabea izan dugula… ahoa bete hortz utzi nau auto horrenak. Akaso ez da zentzuzkoagoa esatea: «Erantzukizunagatik auto-gobernurako garaia da». Erantzuna inportantea da, bai, baina are gehiago galdera egokia egitea!

Total, hauteskundeak izan dira hizpide aste honetan… Eskoziakoez nago; besterik izan ote da? Han argi izan dute, argi naturala, pandemia egoerak bultzatu egiten duela burujabetza prozesua. Hemen, ostera, pandemia egoerak gelditu egiten du prozesua… Hain dagoz batzuk ohiko errotonda ohiko moduan kudeatzeko… Burugabetzaz ari dira hemen, hango sinaduraren menpe. Hemen-Han, lokatibo-borroka!