«Bihotz berdeko» 30 gaztetxoren bila dabiltza

Kutxa Fundazioa hainbat programaren aurkezpen betean dabil. Atzo “Bihotz Berdeak” izenekoari egokitu zitzaion: Aranzadi eta Realarekin elkarlanean, 12 eta 16 urte bitarteko gazte naturazaleak bildu nahi ditu «beren zaletasunari aukera berriak zabalduz». Bi urteko iraupena du, eta bukatzean «laguntza eta babesa eskainiko zaie parte hartzaileei etorkizun laburrean berauen zaletasun pertsonalak bideratzeko». Bi urte horietarako, naturako jarduerez betetako egitaraua proposatzen du Kutxa Fundazioak, hainbat diziplinatako adituekin batera jorratzeko: mikologia, botanika, herpetologia, ornitologia, orientazioa edo espeleologia. «Zeharka, krisi klimatikoa, ekologismoa, naturguneen kudeaketa eta gure gazteek proposatzen dituzten beste gai batzuk txertatuko dira», jakinarazi zuen Kutxa Fundazioak. Hilean behin naturan murgilduko dira gazte horiek, zientzialarien eta taldeko gidarien laguntzarekin. Programan parte hartzeko «motibazio handiko» 30 gazteren bila dabiltza antolatzaileak. Informazio osoa Ekogunea.eus atarian topa liteke.