Lehen arrano arrantzale albinoa, Urdaibain

«Naturak berriz ere txunditu gaitu». Horrela adierazi zuten atzo Urdaibai Bird Centerreko kideek, munduko lehen arrano arrantzale albinoaren jaiotza egiaztatu ostean. Ohar baten bitartez, «mugarritzat» jo zuten arrano arrantzaleak Urdaibain lehen aldiz ugaldu izana, eta gaineratu zuten «ohiz kanpoko zerbait» izan zela «hirugarren urteko eme gazte batek hiru arrautza jartzea, ia beti bi erruten dituztenean». «Eta gaur bertan azken ezustekoa iritsi da; hirugarren arrautza apurtu da eta sorpresa: arrano arrantzale txita albino bat jaio da guztion begi aurrean. Erabat zuria da», nabarmendu zuten. Arrano arrantzale albinoaren biziraupena «erronka handia eta zaila» izango dela ohartarazi zuten, fauna basatia delako eta txitaren etorkizuna «latza» izan daitekeelako. «Kasu honetan Urdaibai Bird Centerretik egin dezakegun gauza bakarra naturari bere bidea egiten uztea da», azaldu zuten. Urdaibai Bird Centerren webgunean sartuz gero, edonork jarrai dezake bere etxetik txitaren bilakaera.