Miren&punctSpace;MUJIKA
NAIZ IRRATIA

Mugarik gabeko kulturgunea

Joan den astean inauguratu zuten Hendaiako Borderline Fabrika, kultura-sormenari bideratutako gune berria. Artistek beren lanak publikoari zabaltzeko erabilera anitzeko espazioa da eta datozen egunetarako egitarau zabala dute antolatuta dagoeneko.

Joan den astean ireki zituen ateak Hendaiako Borderline Fabrikak. Publiko zabalari zuzendutako kulturgunea izateaz gain, artista egoiliarrak laguntzera bideratutako proiektua ere bada Borderline Fabrika. Izan ere, artistek beren sorkuntza artistikoa erakusteko espazio bat izango dute eskura, eta publikoarekin elkarlanean sortutako ekintzak aurrera eraman nahi dituzte bertan. Gainera, sortzaile egoiliarren jarduna eta ekonomia egonkortzea du helburu, haien sorkuntza nolabait erraztuz.

Jatorri eta hizkuntza anitzetako jendeak zeharkatzen duen geltokia dagoen auzoan dago Borderline Fabrika. Etengabeko lanaren emaitza da proiektu hau. Izan ere, duela lau urte, ilusioak bultzatuta, hasiera eman nahi izan zioten proiektuari, Borderline fabrikara eramango zituen txartela eskatuz: «S'il vous plaît, un billet pour aller à Borderline Fabrika».

Eskaintza

Borderline Fabrikaren sortzaile eta antolatzaileetako bat da Ander Fernandez, eta berak argi du zein izan diren proiektua aurrera eraman ahal izateko arrazoiak: «Gehienok kultur sortzaileak gara eta nahi genuen lan egiteko toki bat eta publikoarekin gure lanak partekatzeko toki bat».

Fernandezek azaldu duenez, gogo handiz eutsi diote proiektu berri honen hasierari. Izan ere, kontatu duenez, egitarau zabala dute ekainaren 12tik aurrera: zirkua, kontzertuak, antzerkia… eta bestelako ekintza dinamiko ugari. Gainera, jendearen harrera ere ona izaten ari omen da, sarrerak gutxinaka agortzen baitoaz: «Gure harridurarako, lehenengo gaualdiko sarrera guztiak agortu dira. Zirku gaualdi bat izango da, sei zirku-artistak eta bi musikarik osatuko dutena; beraz, espero dugu beste ekitaldiak ere betetzea».

Antolatzaile eta artistak ilusioz beterik daudela azaldu du Fernandezek, borroka luzea egin baitute Borderline Fabrika sortu ahal izateko: «Askotan proiektatu dugu irekiera hau eta beti atzeratzen joan da; beraz, kartutxoak eta ideiak baditugu. Orduan, proiektuari begira, pozik eta ilusio handiz gaude». Antolatzaileek diotenez, esperimentazioaren bidetik sortutako arteari egingo dio lekua bereziki Borderline Fabrikak, eta emakumeek gidatutako sorkuntzari arreta berezia eskainiko diotela ziurtatu dute.

Aktorea eta ipuin kontalaria da Imanol Espinazo, eta berak ere bat egin du Borderline Fabrikarekin. Haren ustez, ezinbestekoa dute artistek Borderline Fabrika bezalako elkargune bat. Izan ere, asko dira euren jarduna publikoari zabaldu nahi dioten artistak, eta jardun horri espazio bat eman izanak pozten du Espinazo: «Artistek baditugu ideiak, pasioa eta ilusioa, baina leku bat behar dugu gure lanak erakutsi ahal izateko. Orain badugu espazio bat, publikoari irekita dagoena, eta oso pozik gaude».

Hendaiatik harago

Espinazok azaldu duenez, Borderline Fabrika ez da Hendaiara soilik mugatzen den espazioa. Beste herri eta auzoetako jendeari ere egiten dio dei proiektuak; eurak ere igo daitezen tren berera, bat egin dezaten proiektuarekin eta anima daitezen bertaratzera: «Iruneko, Donostiako, Errenteriako, Oiartzungo... jendeari esan nahi diogu, etor daitezela Borderline Fabrikara».

Ateak ireki ditu, beraz, Borderline Fabrikak. Bide zuzena hartu du, eta okertu gabe iritsi da aitzineko geltokira, publikoari igotzeko gonbita eginez. Aipatu bezala, egitarau zabala dute antolatuta ekainaren 12tik aurrerako: zirkua, antzerkia, kontzertuak… denetarik izango da bertan. Antolatzaileek argi dute honakoa bide luze baten hasiera besterik ez dela eta ilusio handiz egingo dituztela Borderline Fabrikaren aurrera begirako urratsak.