Jon ORMAZABAL

Lezama eta Amurrio, Herriarteko txapeldunak

Lezama eta Amurrio dira, hurrenez hurren, Bizkaiko eta Arabako Eskuzko Herriarteko txapeldun berriak, atzo goizean jokatutako finaletan Markina-Xemein eta Laudiori 2-1 irabazita. Bi kasuetan txapelak nagusien partidan erabaki ziren. Hori bai, finalak euren aldera eramateko, Aiaraldeko derbian amurrioarrek asko gutxiago sufritu behar izan zuten lezamarrek baino. Izan ere, Txorierriko Hormaetxe-Bilbaok 21-19ko kontrako emaitza bati buelta eman behar izan zioten Agirreamalloa- Ibarlozaren aurka. Kadeteetan, Uriarte-Busketek 22-20 irabazi zieten Egurrola-Calvori, eta jubeniletan Ibarloza-Egurrola 22-3 gailendu zitzaizkien Iruretagoiena-Zarragari. Arabako txapelak Araba Euskaraz jaiaren barruan banatu ziren. Lehen bi partidak oso orekatuak izan ziren, biak 22-21 amaituta –Diaz-Pikatzak Reinaldo-Moyari eta Sanchez-Urkijok Arauzo-Salazarri irabazi zieten–. Nagusietan, Landaluze-Iriarte erraz antzean gailendu zitzaizkien Alonso-Eskuzari (22-12). Gipuzkoan, Azpeitia eta Oiartzun izango dira datorren larunbatean Idiazabaleko finalistak.