Marcel PENA
OÑATI

Oñatiko Udalak Onaro herriko telekomunikazio operadorea jarri du martxan, zerbitzu integralarekin

Oñatiko Udalak Onaro herriko telekomunikazio operadorea jarri du abian. Udalak asteazkenetik eskaintzen die telekomunikazio zerbitzua oñatiarrei, Interneteko konexioa edukitzeko «giza eskubidea» herritar guztiei bermatzeko, Nazio Batuen Erakundeak 2011n adierazi bezala. Izaro Elorza Oñatiko alkateak NAIZi azaldu zionez, udalerriko baserri-auzoetan banda zabalik ez duten 210 etxe daude, pandemiak ezinbesteko bihurtu duen zerbitzua. «Monopolioa duten komunikazio operadore nagusiek ez zuten ezer egiten, errentagarritasunik ez diotelako ikusten landa guneetara konektibitatea eramateari. Orduan guk geuk egitea erabaki genuen», adierazi zuen alkateak.

Normalean, Elorzak azaldu zuenez, konpainiek azpiegitura batzuk eskatzen dizkiete udalei gero zerbitzua eskaintzeko. «Administrazio publikoa bagara eta azpiegitura guk ordaintzen badugu, zergatik ez dugu inbertsioa herrian geratzeko egiten operadore nagusiei oparitu beharrean? Beharrezkoa ikusten dugu herritarren aldeko zerbitzua izatea», aldarrikatu zuen. Bide horretan, Onarok, banda zabaleko konexio gabeko etxeei zerbitzua emateaz gain, zerbitzu integrala ere eskaintzen du.

Lehenik eta behin, Oñatin bertan dagoen bulegotik bezeroei ematen zaien arreta zuzena nabarmendu behar da. Bigarrenik, «enpresa handietan ez bezala», «tranparik gabeko» zerbitzua eskainiko dute. «Egiaztatu dugu operadore batzuek 300 Mb fakturatzen dituztela baina gero abiadura erreala 40 Mb dela. Gure teknologiak bermatzen du 100/100 Mb edo 600/600 Mb abiadurara heltzea, kontratatutakoaren arabera». Eta, hirugarrenik, herritarrek 300 eta 400 euro artean aurreztuko dituzte urtean Onaroren prezioei esker.

Herri aitzindaria

Alkateak nabarmendu zuenez, «Oñatik urteetako historia dauka atzean dagoeneko herriko argindarra kudeatzen, herri gutxik bezala». Oñatiko Ur Jauziak eta Oñargiren bidez, elektrizitatea modu berriztagarrian sortzen eta banatzen dute. «Elektrizitatearen sektorean pilatu dugun esperientzia aprobetxatuta, beharrezkoa iruditu zaigu pausu bat ematea eta telekomunikazioetan ere berdintsu aritzeko moduan gai garela erakusteko», nabarmendu zuen.