Idoia ERASO
ZIBURU
Elkarrizketa
AMAIUR EPHER
IDAZLEA

«Frantzian ikasteak ondorio politikoak ditu euskal gizartean»

«Profeten iruzurra» argitaratu du aurten Amaiur Epher garaztarrak, Maiatz argitaletxearekin. Obra berri honekin antzerkitik prosarako saltoa eman du, nahiz eta argiki adierazten duen ez dela eleberri bat. Genero anitz elkartzen dituen obra da, bere esanetan.

Antzerkian, 5’Inahalak taldearekin 2014an eta 2015ean “Sapere aude” eta “Koñots Ulia” taularatu ondoren, 2018an “Profeten iruzurra” prosa liburua idazteari ekin zion. Maiatz argitaletxearekin, otsail honetan ezagutarazi den obra idazteko grinari erantzunez egin zuen garaztarrak, genero anitz elkartuz.

Bi antzezlan idatzi eta gero, prosara pasatu zara «Profeten iruzurra» liburuarekin. Zer atzemanen dugu bertan?

Ez da arras nobela bat; fikziozko lan bat da, baina genero anitz nahasten ditut bertan. Ez da eleberri bat, zeren eta ez da istorio bat, baina Alexander pertsonaiaren inguruan zentratzen den potret bat da.

Protagonistak, liburuaren hastapenean, kulturari loturiko administrazio batean lan egiten du. Garai batean museo batean kargu on bat zuen, eta mugitzen dute artxibategi batera, eta bizi sozial, sentimental eta sexual biziki pobrea du, eta aski etsia eta bakartua da.

Liburuaren bigarren zatian Euskal Herrira itzultzen da, ezbehar batengatik, eta bertan finkatzen da. Hor erreferentziak aldatuko zaizkio, eta entseatuko da ikasle garaiko proiektu batzuez aritzen, bakartasun horretatik ateratzeko, eta barneko borroka batzuk gainditzeko.

Alexanderren ibilbidea kontatzen duen fikzio bat bada, zer ezaugarrik egiten du eleberritzat hartu ezin izatea?

Ez da espero behar, zinez, historia lineal bat, eleberri klasiko bat. Narrazio aski puskatua da, baita ere genero nahasketengatik puskatua dena. Bada poesia pixka bat, antzerki zati batzuk, batzuetan artikulu zientifikoak edota kazetaritzakoak ere bai, kronikak eta, momentu batez, egunkari ezkutu bat ere bada.

Pertsonaia horrek bere etsipenetik ateratzeko, hatsa hartzeko, irakurtzen du, eta hasten da idazten, baina ez du ideia handirik, eta ideiarik ez duenak ametsak idazten ditu. Orduan, hasten da ametsen transkribatzen, eta bere irakurketei buruz iruzkinak edo komentarioak egiten.

Erreferentzia aldaketak badira; Frantziako metropolian delarik, bere mundu ikuskera azkarki baldintzatzen dute irakurtzen dituen testuek, eta bereziki Michel Houellebecqen obrak; saiatzen da distantzia hartzen, bada obra horien irakurketa kritikoa ere.

Ondotik, Euskal Herrira itzultzean frantses kultura burges horretatik distantzia doi bat hartzen du, eta gehiago euskal literatura bidelagun izango du. Road trip gisako bat da, Jean Etxepareren “Berebilez” liburuaren remake modukoa, Iruñean barna. Badira solasak, eta mundu mailako literaturaren erreferenteekin, baina baita nire irakurketa ezberdinekin ere. Intertestualitateak pisu handia du, eta erreferentzia anitzek elikatzen dute.

Prosara salto egiteko ideia nondik heldu zitzaizun?

Gogoa nuen beste zerbait entseatzeko; antzerki taldearekin ez genuen beste perspektibarik, eta plazera hartzen dut idaztean. Entseatu nintzen hastapenean ipuin batzuen egiten, eta azkenean, pertsonaia bat agertzen zen, izen ezberdinekin baina, hala ere, antzekoa zen; ez dakit nire alter ego bat den edo, baina azkenean Alexander pertsonaia horietako batetik ateratzen da. Nik berehala erabaki nuen ikasketak egin eta gero, bidea aldatzea, eta gaur egun lanbidez euskara irakaslea naiz; beraz, Euskal Herrian bizi naiz, eta ez zen dilema bat izan.

Baina nire ikasketak egin dituztenak Parisera begira dira, eta nahi nuen ikusi, beste hautu hori egin izan banu, zer gertatzen ahal zen, jakinez ez zela nik neure buruarentzat planteatzen nuen hautu bat baina nire ikaskideek bizitzen duten hautu bat dela. Iparraldean euskaldun anitzek Frantzian ikasten dute, eta azken urteetan saldua izan zaie behar dutela anbizioa izan, eskola handietan ibili, eta horrekiko nahi nuen distantzia hartu.

Euskal Herritik kanpo, Estatu frantsesean, ikasitakoarekiko ikuspegi kritikoa egiten duzu, beraz?

Pentsatzen dut han ikasitakoak balio digula formazio intelektualerako, baina ezin garela itzuli profeta batzuk bezala. Azkenean, hori kolonizazioa da, zentrotik bildua gero probintziara ekartzeko. Horrekin nahi nituen nire ikasketak baloratu, baina aldi berean kontziente izanez hautu politikoen ondorioz ere ikasten dugula kanpoan; gauza anitz ekartzen badigu ere, horrek ondorio politikoak badituela, orokorrean euskal gizartearentzat eta bereziki Iparraldean.

Formatu horien guztien bitartez, gizarteari eta norberari buruzko gogoeta bat egin duzula esan daiteke, beraz?

Bai, gogoeta fase horretan nintzen, eta pentsatzen nuen fikzioa izaten ahal zela tresna egokia horiekin jostatzeko. Ironia ere anitz baliatzen dut etsipena arintzeko. Umorea zorrotzagoa izaten ahal da, baina badu bere indar katartikoa. Panfleto aire bat badu alde batzuetan, nahas-mahas bat da, eta, horretarako, ez da nobela borobila, aski zartatua da.