Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hamaika ikasteko gara

Hamaika ikusteko gara, bai! Ez dute ba abiatuko crowdfunding zer baten kanpaina bat Ibaizabal bazterreko museo handi horren aurrean den atari-txakur handiago horri lorezko larrua aldatzeko! Kontuak kontu, ez ninduke harrituko Lakuako Gobernuak halako beste kanpaina bat abiatzeak Legebiltzarra bera crowdfunding bidez mantentzeko. Azken finean, ditxosozko Next Generation plana ere horrela ikusten dut nik, hori bai, enpresa handien dibidendu garbien trantsizio bidean…

Total, hamaika ikusteko, bai! Atzo ahoko maskararik gabe atera nintzen ostera bat egiten eta euli guztiak nora eta ezpainetara, aspaldiko partez! Arraroa gero atzoko sentsazioena; kontuak atera, kuadrillako batzuk ere ez nituen kaleko lehenengo begi-kolpean ezagutu, sudurren bitxia edo! Are kolpeago, baten batek hainbat hilabetetako muki hondarra zuen sudur-zuloan itsatsia. Ama, ama! Zenbat eskertu behar diedan belarriei maskara-aldian emandako euskarriagatik!

Total, hasita nago udako ikastaroen eskaintza begiratzen. Iaz eskuak ondo garbitzeko bat egin nuen, 225 orduko praktikekin, eta hortxe daukat diploma, konketaren gainean eskegita. Aurten argindarraren faktura ulertzeko bat egin gura nuke, baina erregiotik atera gabe eta hamar egunekoa gehienez ere, ortuko piperrak zaindu behar ditut eta!

Eta Legebiltzarrean pandemiaren aurkako legea dute onartu! Usoak pasa, sareak heda, edo. Batzuek maskara derrigortu noiz eta besteek maskara kanpoan liberalizatu dutenean. Ene, ene, maskara borroka ere! Eskerrak Estatus Berriarena bueltan dela, Tourreko giroa den bezala. Udazkenean berrartuko omen dute ezbaia. Eta nago ni, krisiak, asko eta askotarikoak, joan arte ez bada une egokia gaiari patxadaz eusteko… zertarako behar dugu estatus berria? Portzierto, gogoratzen ote duzu normaltasun berri harena? Zertan da? Ba ote da?