Ion SALGADO
GASTEIZ

EAEko biztanleen %24,4k diskriminazioa pairatu dute, ia %29k emakumeen kasuan

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak “Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak” txostena argitaratu du. Azterlan horren arabera, EAEko biztanleen %24,4k adierazi dute bizitzako uneren batean diskriminatu egin dutela.

EAEko biztanleen %24,4k adierazi dute bizitzako uneren batean diskriminatu egin dutela. Ehuneko hori handiagoa da emakumeen kasuan (%28,9). Ildo horretan, kontuan izan behar da diskriminazioa azaltzeko gehien aipatzen diren arrazoiak emakume izatearekin, jatorriarekin edo adinarekin lotutakoak direla. Horrela dio atzo argitaratu zen Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak landutako “Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak” txostenak. Bertan azaltzen denez, «oro har, euskal gizartearen ezaugarria da diskriminazioaren presentzia txikiagoa dela, bai hautemandakoa bai bizitakoa, eta, aldi berean, aniztasunarekiko irekitasun handiagoa dagoela».

Dena den, azterketak agerian uzten du badirela jarrera «ez hain toleranteak» ijitoekin eta etorkinekin. Gizarte talde horiek dira, halaber, bizitegi-eremuan etxebizitzak eskuratzeko zailtasun handienak dituztenak. «Bizitegi-diskriminazioa da, alde handiarekin, gehien hautematen dena, ziurrenik kolektibo batzuek nabarmen sufritzen dutelako eta bizitegi-merkatu basati batean ematen delako, non etxebizitza ia ez den eskubidetzat hartzen», dio azterlanak; puntu horretan gazteak ere bereziki kaltetutzat jotzen ditu. Zehazki, EAEko biztanleen %82,2k uste dute herritar guztiek ez dutela aukera bera alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko.

Lan merkatuaren kasuan, batez ere emakumeengan gailentzen da diskriminazioa, azterketaren arabera. «Euskal gizarteak aitortzen du gizonen eta emakumeen arteko lan desberdintasuna, batez ere erantzukizuneko lanpostuetarako sarbidean», jaso du Ikuspegik.

EAEko biztanleen %78,1ek badakite pertsona guztiek ez dituztela aukera berak lanpostu bat eskuratzeko orduan. %77,6k ezberdintasunak hautematen dituzte erantzukizuneko lanpostu bat eskuratzeko orduan ere. Desberdintasun hori gehiago nabaritzen da emakumeen, atzerritarren eta ijitoen kasuan.

Diskriminazio sexistari dagokionez, kristalezko sabaiaren pertzepzioa nabarmentzen da, baita «kalean bizi izandako diskriminazio sexistaren esperientzia pertsonalen identifikazioa» ere. Galdetutako hiru emakumetatik batek (%32,2) uste dute EAEn diskriminazio sexista nahiko edo oso ohikoa dela; eta gehienek, (%65,8), berriz, ez dela oso ohikoa. Gizonekin alderatuta, diskriminazio sexistaren pertzepzio askoz handiagoa dute emakumeek.