Asier AIESTARAN
PILOTA

Txapeldun bat eta bi irabazle Nafarroako kaiolako final gogoangarrian

ALTUNA III.A 22

LASO 20


Jokin Altunak 22-20 menderatu zuen atzo Unai Laso Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren final ikusgarri bezain gogorrean. Amezketarrak bere joko onena atera behar izan zuen azken hamar egunotan zale guztiak harrituta utzi dituen Laso handi bat mendean hartzeko.

Partida bikaina izan zen, erritmo oso bizian jokatutakoa eta 358 pilotakada jo arren oso huts gutxi izan zituena. Pandemia malapartatu honegatik izan ez balitz, a zer giroa sortuko zen Labriteko harmailetan eta a zer gozatua hartuko zuten ikusleek.

Modu horretan, Altunak bigarren aldiz jantzi zuen Nafarroako Lau eta Erdiko txapela, 2019ko azken ekitaldian lortutako garaipenari jarraipena emanez. Banaka jokatzen diren lehiaketetan, gainera, jada hirugarren garaipena du segidan, azken Lau eta Erdiko Txapelketa nagusia eta Buruz Buruko Txapelketa bereganatu ondoren.

Finalak bi une erabakigarri izan zituen. Aurrenekoa, Altuna 13-8 aurreratu zenekoa. Bizpahiru tanto oso gogorrak izan ziren fase horretan eta, Lasoren alde erori arren (6-8), paradoxikoki Altuna izan zen piloteoan agindu zuena eta aurkaria asko mugiarazi zuena. Lasok nekea sumatu zuen eta Altunak 13-8 egin zuen ihes. Bazirudien neurketa apurtu egingo zela, baina gipuzkoarrak luzeegi ateratako sake batek ekimena itzuli zion bikain erreakzionatu zuen Lasori.

Eta bigarren une aipagarria 17-18koa izan zen. Beste tanto gogor baten amaieran Lasok traba egin zion Altunari eta amezketarraren pilotakadak nafarraren bizkarrean jo zuen. Epaileak, buelta eman beharrean, Lasoren tantoa igoarazi zuen markagailura eta Altuna oso haserre agertu zen erabakiarekin. Kasu honetan gipuzkoarra izan zen egoera ongi kudeatu zuena, azken txanpan bikain jokatuz.