Ane URKIRI ANSOLA

Idiazabalgo frontoitik Wimbledon argiztatzera

«Egurre, Ane!». Lelo horixe erabili dute Idiazabal inguruetan Ane Mintegi tenislaria animatzeko, eta, dirudienez, funtzionatu egin du. Izan ere, 17 urteko gipuzkoarra Wimbledonen garaile izan zen junior mailan, finalean Schunk alemana mendean hartuta (6-2, 4-6, 1-6). Markagailua goitik behera irauli behar izan zuen idiazabaldarrak, baina berotzen joan zen heinean, geldiezina bihurtu zen. Gazte mailan horrelako txapelketa handi bat irabazi duen lehenengo euskalduna da. Duela hiru urte Bartzelonara mugitu zen, bertan hobeto entrenatu eta bere adineko onenen artean lehiatzeko asmoz. Ordutik, aho bete hortz utzi ditu adituak eta adituak ez direnak. Iazko urtean, Australiako Irekian finalerdiak erdiesteko zorian egon zen, baina bero kolpe batek txapelketatik at utzi zuen. Orduan penatuta agertu zen, baina orain jada bereganatu du txapelketa handi bateko garaikurra. Poliki-poliki hazten ari da Mintegi, erotu gabe. Idiazabalgo pilotalekutik Wimbledon argiztatzera iritsi da; munduko tenislari gazte onenen artean lekua egin du, alegia.