Jon ORMAZABAL
PILOTA

Xabi Tolosa, onenekin lehiatzeko gogo biziz

Azkenaldian jokoan izan duen hobekuntzak udako Mastersean titular izateko aukera eman dio anoetarrari.

Binakakoaren pisutik urrun badago ere, torneorik ezean, udako Mastersak garrantzi handia hartu du pilotaren egutegian; batik bat, txapelketa horretarako aukeratutakoek ziurtatuta baitute, gutxienez zazpi astez, estelarrak jokatzea. Eta hori sari handia da, Xabi Tolosa bezala, onenen artean oraindik finkatu ez eta Promozio maila txiki geratzen zaien pilotarientzat. Horrexegatik, anoetarra pozarren dago, azkenaldi luze honetan egin duen lan ona sarituz, Aspek bere lau atzelaririk onenen artean aukeratu duela eta.

«Oso pozik nago. Niretzat txapelketa berri bat da; sekula ez naiz halako lehiaketa batean izan, aurreneko mailako pilotari guztien aurka jokatzeko aukera izango dut eta, egia esan, oso gustura; asko eskertzen diot enpresari», azaldu zion GARAri.

Asperen deia jasotzea «sorpresa txiki bat» izan omen zen, lehia handia dagoelako Aspeko atzelarien artean, baina onartu du azken asteetan «nahiko gustura» zebilela kantxan eta partida onak jokatua zela. Orain, zazpi astez, «lehen mailako pilotariak izango ditut aurkari eta partida gogorrak izango dira, maila altukoak, eta ea nire maila emateko aukera dudan», azaldu zuen pilotari gipuzkoarrak.

Gorabeherak

25 urterekin (urrian egingo ditu 26), anoetarrak pilotaren bi aurpegiak ezagutu ditu. 2013an debuta egin eta azkar samar hasi zen partida handiak jokatzen; esaterako, 2014ko Binakako nagusian Abel Barriolaren ordezko lanak ere egin zituen Irujoren atzelari gisa eta hurrengo bi urteetan Promozio mailako txapelak jantzi zituen; Erik Jakarekin 2015ean eta Gorka Estebanekin 2016an.

Jauzia emateko moduan zela zirudienean, ordea, bere ibilbideak eten bat izan zuen 2018ko otsailaren 13an. Hasieran eskumuturrean kolpe txar bat baino ez zirudiena ikaragarri okertu eta ia urtebete eman behar izan zuen geldirik, tartean ebakuntza bat ere izan zuela.

Pixkanaka, ordea, berriz ere gorantz egin eta bere ibilbideko beste bidegurutze garrantzitsu batean aurkitzen da; printzipioz, 2015eko Promozioko txapelketa hartan lagun izan zuen Erik Jakarekin, nahiz eta lehen aste honetan, Olaizola II.a-Zabaletaren aurka bihar Mallabian, Laso izango duen aurrean.