GARA
santa cruz tenerifekoa

Tenerifen amaitu da Kanariak «muga kolonial» direla salatu duen karabana, bederatzi eguneko bidea eginda

Europar Batasuneko eta Estatu espainoleko migrazio politikak salatzeko asmoarekin antolatutako Kanarietako Karabana atzo amaitu zen, bederatzi eguneko ibilbidearen ostean.

Mugak Zabalduz eta Carovane Migranti erakundeek bultzatutako ekimen honetan 350 pertsona inguruk hartu dute parte, tartean Euskal Herritik joandako ehun lagunek baino gehiagok. Seigarren edizio honetan, Karabanak Kanarietara joatea erabaki zuen, pandemiaren ondorioz uharteko egoera soziala «jasanezina» delako. Plataformaren arabera, «turismoaren» geldialdiak uhartea «Europako muga kolonial» bihurtzea eragin du.

Ostiralean, karabanak Tenerifen eman zuen hirugarren egunean, gogoeta eta tailer feministak egin zituzten emakume migranteen eskutik. Antolatzaileek gogoratu bezala, «migratzen duten emakumeen ikusezintasuna hainbestekoa da, ezen Kanarietako Gobernuaren immigrazio planak berak ere ez baitzuen bidaian jasaten dituzten erasoen aurrean inolako eginbiderik aurreikusten».

Atzo arrazakeriaren aurkako manifestazioa egin zuten Santa Cruz Tenerifekoa eta La Laguna hiriak lotzen dituzten auzo pobreenetatik.

Tenerifeko espetxe zaharrean Gurutze Gorriak kudeatzen duen zentrora joan ziren gero. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak artatzen dituzte han.

17.00etan ekitaldi batekin bukatu zen Kanaria Uharteetako 2021 Karabana, La Lagunan. Bertan, mugetan lan egiten duten eta alternatibak eraikitzen dituzten kolektiboek euren esperientzia kontatu zuten.