Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Terraza borroka! Burua borborka!

Hau bizimodua, gero! Lerroen artekoa ulertzen ikasia nintzela sinestuta eta orain lerrokoa bera ulertu ez, hainbeste dekretu eta dekretu-oste! TB garaia da hau. Ez, ez nabil Jaurlaritzak abiatu duen Ticket Bai programaz, horretan baten batek preserbatibo erabiliak kautxuztera eroan eta ordaintzean tori! Ogasunak momentuan jakin nork-zer-non-zenbat. Terraza Borrokaz nabil! Ze zaila den tenperatura goxoko egun bateko eguerdi aldera terraza batean aulkidun mahai bat libre topatzea! Demontre baietz, zaila! Eta iraunarazi? Hara non ez dudan nik ba pentsatu lagun puzgarri bat erostearena! Hori bai, erostekotan, denda batean zuzenean egin!

Kontua da bakarrik nagoenean, herrian urteko Arabako ardo batzuk hartzen, eta behin terrazan finkatuta, sustraituta ere, nagoela, hara! zer egiten duzu prostatak joanaldi bat hartzera behartuz gero? Terraza hutsik utzi? Zain egondako denbora komuneko zulotik bota? Ez eta pentsatu ere! Honetara dator balizko lagunarena, hantxe uzten dut puztuta, nire ardoaren ondoan... Terraza batean erroldatzea ere pasatu zait burutik, ez pentsa! Baina momentuz bai egin dudana zera da, datorren asteko txikito eskaerak ohiko tabernetan egin, badaezpada ere, lehendakariaren hurrengo dekretuak aurre-eskaera babestuko didalakoan…

Portzierto, Ajuria Eneko maizterraz nabilela, San Joanen itxura hartzen diot nik, eta gobernu zentralaren presidenteari korintoarrena hartu ere. Zenbat gutun ez ote dion bidali honek hari, eta? Hark erantzun ez! Ko-gobernantza omen. Amen! Total, MB, maskara borroka! Honen erabilpenean, hemengoarentzat nahitaezkoa dena salbuespena da hangoarentzat. Baina, agintariak agintzen duenez… Horra udako ikastaro baterako gaia! HB, hiztegi borroka! Horra JPH hori ere, jende pilaketarako hiriguneak! Hori dok/n eta! Edo EAJ, espazio askotan jendetsuak…