Joseba SALBADOR

Arduraz jokatzeko deia zabaldu dute jaiak ospatu behar zituzten herrietan

Gasteiz, Lizarra, Etxarri Aranatz, Bera, Oiartzun, Azpeitia, Berango, Erromo... Asko eta asko dira asteburu honetan jaiak ospatu behar zituzten herriak eta, azken egunotan kutsatze mailak izan duen gorakada izugarria kontuan hartuta, udalerri horietako arduradunek dei berezia egin diete herritarrei arduraz jokatzeko eta osasun gomendioak betetzen jarraitzeko. Izan ere, kutsatze handienak «ez-festak» ospatu dituzten herrietan gertatu dira orain arte.

Aurrekariek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Sanjoanak, sanferminak edo karmenak ospatzen dituzten herrietan izandako «ez-festek» orain arte ikusi gabeko kutsatze maila altuak eragin dituzte. Hernanin, adibidez, hamalau egunetako tasa metatua ia 2.000koa izatera iritsi zen, Markina-Xemeinen ia 5.000koa eta Lesakan, 11.000koa.

Kopuru izugarri hauen aurrean, Lesakako Udalak, esate baterako, hausnarketarako deia egin berri du, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Eta arriskua zein handia den jakitun izanik, asteburu honetan jaiak ospatu behar zituzten herrietako agintariek ere arduraz jokatzeko deia egin dute.

Gasteizen, adibidez, Gorka Urtaran alkateak «erantzukizuna» eskatu die gasteiztarrei, «osasun neurriak beren gain hartzeko eta barneratzeko».

Joan zen igandean, hilaren 25ean, Blusa eta Nesken eguna ospatu ondoren, Urtaranek «pazientzia izateko» eskatu zien bizilagunei, eta arduraz jokatzeko eskatu zuen, osasun egoera «oso delikatua» delako, «kutsatze maila handiarekin».

Aurten bigarren aldiz Andre Maria Zuriaren jairik izango ez bada ere, Udalak 67 ekitaldiz osatutako egitaraua prestatu du abuztuaren 3tik 8ra bitartean. Ikuskizun hauetan parte hartzeko ez da gonbidapenik eskatu beharko, eta sarrera librea izango da aforoa bete arte. Pilota profesional partiduak ere izango dira eta umeentzako barrakak aurten hiru auzotan barreiatuko dira.

Blusa eta Nesken Batzordeak, bere aldetik, ez du inongo ekitaldirik antolatu, baina iaz bezala pankartak Internet bidez zabaltzeko asmoa du.

Urtaran alkateak, azkenik, abuztuaren 4an Andre Maria Zuriaren plaza itxita egongo dela iragarri du, Zeledonen jaitsiera izan beharko lukeen egun eta orduan jende pilaketak izan ez daitezen.

Nafarroan, kezka nagusi

Nafarroan ere kezka da nagusi, eta horrexegatik, Lizarrako Udalak, Osasun Zentroak eta Garcia Orcoyen ospitaleak agiri bateratua plazaratu berri dute, udan edozein gauza egin daitekeela gogorarazteko, baina betiere jende pilaketak ekidinez eta azken hilabeteetan betetzen ari garen neurriak zainduz: 1,5 metroko distantzia errespetatzea, musukoa erabiltzea eta eskuak garbitzea.

«Ia bi hilabete ditugu udaz gozatzeko, ez gaitezen tematu jaiekin; egun horietan, gainera, baimen guztiak ukatu dira eta ez da aisialdiko programaziorik egongo. Taberna eta jatetxeek pozik hartuko gaituzte edozein egunetan, eta haien laguntzarekin ondo pasatuko dugu, modu seguruan», dio oharrak.

Horren harira, aste honetan bertan Lizarrako Udalak, poliziaburuek eta hiriko 40 bat ostalarik bilera egin dute beren ikuspuntuen berri emateko, zalantzak argitzeko eta herritarrek kutsatzeen aurrean duten erantzukizunari buruzko dei bateratua egiteko. Dei berezi honen bitartez, eremu guztietan arduraz jokatzeko eta arauak betetzeko eskatu dute, «horrela bakarrik lortuko baita osasun sistema eta lehen mailako arreta ez betetzea, bai eta ostalaritza defendatzea ere. Azken hau oso zigortua egon baita pandemian, batez ere intzidentzia handitzen denean».

Udako kultur egitarauari dagokionez, datozen egunotan etenaldi bat izango du eta Los Llanos kulturguneko lorategietako jarduerak ez dira abuztuaren 11 arte berreskuratuko.

Etxarri Aranazko Udalak ere bertan behera utzi ditu aurtengo jaiak eta udal bandoa plazaratu du herritarrei arduraz jokatzeko eta osasun gomendioak betetzen jarraitzeko deia eginez, «orain arte egin duten bezala».

«Osasuna eta zaintza mota guztietako ospakizun eta ohituren gainetik jarri behar dira, baita jai eremuan ere. Arduraz eta irmotasunez jokatu behar da, birusaren zirkulazioan berragerpenak edo berraktibazioak saihesteko», dio alkatetzaren bandoak.

Udako egitarauak aurrera jarraituko du, baina gaurko pilota partida profesionalen ondotik, egitarauak jauzi egingo du abuztuaren 12ra arte. Egun horretan, Gozategiren kontzertua izango da herriko plazan.

Beran ere jaiak ospatzeko egunak ziren hauek, baina aurten ez da inongo bestarik antolatu, kontuan hartuta gainera Bortzirietan bizi duten osasun egoera larria. Uda osoan zehar, hori bai, kultur ekitaldi ugari ari dira antolatzen, eta asteburu honetan ekitaldi bakarra izango da, igande arratsaldeko jazz kontzertua hain zuzen.

Oiartzun eta Azpeitia

Bortzirietatik ez oso urruti, Oiartzunen, Xanisteban jaiak ospatzen hastekoak ziren asteburu honetan eta, ekitaldi jendetsurik antolatu ez bada ere, hainbat ekintza antolatu dituzte, uztailean zehar luzatu den “Kulturabirus” zikloari amaiera emanez. Egitaraua herriko hainbat eragile eta sortzailerekin batera prestatu du Udalak.

Azpeitian, bestalde, Udalak eta herriko eragileek aurten ere jairik ez antolatzea adostu dute eta, aldi berean, festa egunetako egitarauan antolatu ohi diren ekintzak dataz aldatzea.

Festak bertan behera utzi arren, egun hauetan egon daitezkeen jende pilaketak ekidin asmoz, elkarlanean arituko dira Udala eta herriko hainbat eragile, tartean Alde Zaharreko tabernariak. Hala, ostalariek beren negozioetan neurriak zorrotz betearazteko konpromisoa hartu dute eta Udalak baliabide publikoak indartuko ditu osasun protokoloak bete daitezen.

Arauak bete beharraren garrantzia aipatzeaz gain, egun seinalatuetan Azpeitira ez etortzeko deia luzatu nahi izan diete inguruko herrietako biztanleei eta kanpotarrei. Azpeitiarrei, berriz, herritik kanpoko lagun eta senideekin festarako ohiko planik eta gonbidapenik ez egiteko eskatu diete.

Bizkaian ere badira jairik gabe geratuko diren herriak, tartean Berango edo Erromo. Hala ere, Berangon egitarau zabala prestatu dute, batezere haurrei zuzenduta, bihar hasi eta datorren ostegunera arte. Era berean, Lantzarteko zelaian umeentzako barrakak jarri dira.

 

Bermeoko teila Arrantzaleen Museoan gordeta dago

Madalena eguneko teila Bermeoko Arrantzaleen Museoan gordeta dago uztailaren 22az geroztik, eta ez zen Izaro irlaren ondoan bota, joan den ostiralean argitaratu genuen bezala. Edizio digitalean albistea zuzen atera bazen ere, paperezko edizioan ezin izan zen Udalaren azken orduko erabakiaren berri eman, egun batzuk lehenago inprimatuta zegoelako. Barkamena eskatu besterik ez zaigu geratzen, beraz, irakurle guztiei.

Aurtengo ekitaldirako teila prest zegoen arren, Udalak azken momentuan jaurtiketarik ez egiteko erabakia hartu zuen, kutsatzeen gorakadak itsasora irtetea eta teila bertan botatzea eragotzi egiten zuela iritzita.

Horren ordez, Udalak teila Ertzilla Dorrean dagoen Arrantzaleen Museoan uzteko erabakia hartu zuen. Horretarako, ekitaldi ofiziala egin zuten eta, urtero legez, Madalen Eguneko akta sinatu zuten Museoan bertan. Oraingoan, hala ere, Aritz Abaroa alkateak sinadura zeremonian baliatzen den esaldia garai berrietara egokitu zuen eta «honaino heltzen dira Bermeoko itoginak» formularen ordez, «mundu zabaleraino heltzen dira Bermeoko itoginak» esan zuen, lehen mundu biraren 500. urteurrena ospatzeko.

Aurtengo teila, gainera, sinbolismoz beteta dago, Juan Sebastian Elkanok munduari lehenengo bira emateko eraman zuen itsas espedizioan Bermeoko zazpi itsasgizon zeudelako. Haietatik bi baino ez ziren itzuli: ospetsuena Juan Akurio kontramaisua izan zen, baina, berarekin batera, Pedro Txindarza itsasmutila ere itzuli zen. Aurtengo teila, hain zuzen ere, azken honen jaiotetxekoa da, Almika auzoan kokatutako Txindurza baserrikoa.